Sakandarrena Euskal Herriko txistorra txapelketaren podiuma

Guaixe 2016ko abe. 22a, 10:04
21. Euskal Herriko txistorra txapelketako podiuma. Argazkia: @donostiafestak

Donostiako Santo Tomas ospakizunen barruan Euskal Herriko txistorra txapelketa jokatzen da. 21. edizioan 22 ekoizle aurkeztu ziren eta epaileek podiuma Sakanako ekoizleekin betetzea erabaki zuten. 1. saria Olatzagutiko Paco harategiko Patxi Aldasororendako. 2. saria Oiarbide Harakinek irabazi zuten, Zegaman harategia duen Patxi Arangiz altsasuarrak hain zuzen ere. 3. saria, berriz, Irurtzungo Urrutia harategiko Iñigo Urrutiak eskuratu zuen.

Olatzagutiko Paco harategiak bere txistorrekin hainbat sari irabazi ditu: Euskal Herrikoa 2001ean eta 2006an, eta beste bitan bigarren saria; Nafarroakoa 2001ean eta 2009an eta bitan bigarren saria eta Sakanakoa 2003an. Orain arte sariak Paco Aldasorok eta Mentxu Guajardok jasotzen zituzten, baina oraingoan txapela berezia izan da, haien seme Patxik egindako txistorra batek eskuratu baitu.

Hirugarren belaunaldia
Patxi Aldasoro Guajardok urteak darama harakin lanetan. Haren aurretik Eugenio eta Catalina aiton-amonak eta gurasoak izan dira. Azken horiek jubilatu eta aurten bera da harategiaren arduradun. Lana aurrera ateratzeko hiru laguntzaile ditu. Patxik esan digunez, “ahalik eta hobekien egin behar da, kalitatearekin”. Produktu ona egiteko inguruko txerrikia, piperrautsa, gatza, baratxuriak eta arkume tripak erabiltzen ditu. Guztia esku onarekin landuta. Astero 80 bat kilo txistorra egiten ditu. Gehienak harategian saltzen ditu, baina jatetxeren bati eta kanpoan ere saltzen ditu. Patxik esan digunez, “sariak irabaztea, hori zortea da. Oso pozik gaude, gure lanaren aitortza bat delako”. Dagoeneko hainbat hedabideren deiak jaso ditu. Jendeak jakin eta euren harategiarendako publizitatea dela aitortu du.