Agur 2016! KORRIKAN

Guaixe 2016ko abe. 30a, 08:44

38. San Silbestrea jokatuko da Altsasun eta 15. Lasterketa Olatzagutian

Urtearen azkeneko egunean zapatilak jantzi eta 2016. urtea korrikan despedituko dute sakandar askok. San Silbestre lasterketak korrikalariendako akaso probarik herrikoienak eta gustukoenak dira. Sakanan bi proba jokatuko dira: Altsasuko San Silbestreak 38. edizioa beteko du aurten, Nafarroako zaharrena. Olaztiko San Silbestreak, aldiz, 15. edizioa izanen du.

Altsasukoan, Nafarroako zaharrenean, Lopez de Uralde eta Azazeta gogoan
Dantzaleku-Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatuta, aurten 38. edizioa beteko du Nafarroako proba beteranoena denak. Aipatu proba, Mario Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen Mario Lopez de Uralde korrikalari altsasuarraren omenez. Eta Lopez de Uraldez gain, aurten duela gutxi zendutako Goizeder Azazeta korrikalari eta triatleta ohia izango dute gogoan San Silvestrean.

Haurrak 18:00etan eta helduak 19:00etan
Abenduaren 31n, larunbatarekin, arratsaldeko 18:00etan emanen diote hasiera lasterketari, gaztetxoenen lasterketarekin. Aurrebenjaminak (400 m), benjaminak (800 m) eta kimuak (1.200 m) ariko dira, plazatik abiatuta eurendako propio prestatutako distantzia osatzen. Haurren kategoriakoek helduen proban parte hartuko dute, euren kasuan zirkuituari buelta bat emanez (1,5 km). Ondoren, helduen proba guztia osatu nahi badute, aurrera jarraitu dezakete.

Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak 19:00etan udaletxe aurretik abiatuko den proba nagusian ariko dira. Korrikalariek Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman beharko dizkiote, guztira 4,6 km osatuz. Probako lehen hiru gizon eta emakumezkoek trofeoa jasoko dute, eta lehendabizikoek txapela.

2015ean 665 korrikalari Altsasun
Aurreko urtean 665 korrikalarik parte hartu zuten San Silbestrean, 432 proba nagusian eta gainontzekoak txikietan. Altsasuko Sergio Garcia de Eulatek (14:58) eta Olaztiko Izaskun Beunza (17:23) gailendu ziren. Antolatzaileek aurten ere urtea korrikan despeditzera animatu dute.

Izena emateko: www.dantzalekusakana.com
Izena ematea dohainik da, eta Dantzaleku Sakanak web gunean izena emateko gomendioa egin du. Bestela, egunean bertan izena emateko aukera egongo da, 18:30ak arte.

Olaztin lau kategoria, sariak eta Sutegiren egutegia
San Silbestre lasterketaren 15. edizioa jokatuko da urteko azken egunean Olatzagutian, 18:00etatik aurrera, Sutegi elkarteak antolatuta. 4 kategoriendako lasterketak antolatu dituzte: txikiak, 7 urtera artekoak (300 m), 8-11 urte bitartekoak (600 m), 12-15 urte artekoak (zirkuituari itzuli bat, 1.240 m) eta helduak. Kasu honetan herri gunean antolatutako zirkuituari 4 bira eman beharko diete korrikalariek, 5 km osatzeko, 19:00ak aldera abiatuko den lasterketan. Probak frontoia izango du irteera eta helmuga. Proban izena eman nahi duenak lasterketa aurretik irteeran jarritako mahaitik pasa beharko du, 17:00etatik aurrera. Giro polita izaten da Olaztiko proban, eta bukaeran sariak eta opariak banatuko dira.  Kategoria guztietan banatuko dira sariak. Lehen hiru kategorietan, maila bakoitzeko lehen hirurek, emakumeek eta gizonezkoek, trofeoa jasoko dute eta partaide guztiek domina. Eta helduen mailan, txapeldunek erlojua jasoko dute eta bigarrenek eta hirugarrenek oparia. Aurreko urtean helduen proban Egoitz Aldaz eta Miren Lezea nagusitu ziren.
Bestalde, Sutegi taldetik aipatu dutenez, 2017 urterako egutegia egin dute. “Gure neska-mutikoak agertzen dira egutegian, eta salgai jarriko dugu San Silbestrean” adierazi dute.

Iruñean Mercero omenduko dute
77 urteko Joxemari Mercero korrikalari unanuarra Sakanako probetan aritzen da beti, baina San Silbestrean Iruñean aritzen da. “Beste Iruñea taldekoa naiz eta San Silbestrea antolatzea tokatzen zaigu. Lehendabiziko antolatu, eta gero korritu” azaldu zigun abenduaren 9an Olaztin Sakanako kirolaririk onenaren saria jaso zuenean. Baina proba prestatu eta bertan aritzeaz gain, oholtza gainera igo beharko du Mercerok, Beste Iruñea klubak taldeko hiru beterano, Demtrio Remon, Santiago Izquierdo eta Joxemari Mercero omenduko dituelako. Klubaren sorreran oso garrantzitsuak izan ziren hirurak eta bere ibilbidea eskertu nahi du.