Ibarreko konpost planta 2017an hasiko da lanean

Guaixe 2016ko abe. 23a, 13:26

Hainbat konpostagailu mota Mank-en Arbizuko hondakindegian.

Sakanako materia organikoa hartuko du soilik. Ondorioz, ibarreko materia organikoa Caparrosora eramateari utziko zaio.

2017-2027ko Nafarroako Hondakin Plan berriak hondakinen % 65 gaika biltzearen aldeko apustua egiten du. Europatik zehazten den legediari segituz, foru administrazioak hilaren 14an onartutako planaren arabera materia organikoaren, ontzien, beiraren, papera eta kartoiaren eta bestelako hondakinen gaikako bilketa asko handitu beharko da. Hondakinak jasotzearekin batera haiek kudeatu beharra dago.

Eta materia organikoaren kasuan Sakanako Mankomunitateak konpostaren aldeko apustua egin du. Arbizuko hondakindegian konpost planta bat eraikiko du heldu den urteko udaberri akaberarako. Eraikinak 75 metro luze eta 25 metro zabal izanen ditu eta baskularen hegoaldera eraikiko da. Lanek 637.497,91 euroko aurrekontua izanen dute. Nafarroako Hondakinen Partzuergoak pagatuko du lana, baina Nafarroako Gobernuaren 538.450 euroko diru-laguntza izanen du horretarako. Han barruan aurten erostekoak diren iraultzeko eta bahetzeko makinak egonen dira. Azken horiek erosteko 141.000 euro inguru bideratu dira.

Mank-eko idazkari Alberto Urkiak azaldu digunez, “gaur egun konposta egiteko lehengaia badugu, baina  eskulanetik asko du. Inbertsioak dena mekanizatzea ekarriko du”.  Eta horrek, ondorioz, konposta egiteko baimena integratua. Urkiak argitu digunez, egun dauden langileekin arituko dira.

3.000 tona
Konpost plantak kopuru hori tratatzeko gaitasuna izanen du. Gaur egun 1.000 tona inguru tratatzen dituzte Arbizuko hondakindegian. Irurtzunen ezarriko den sistemaren eta Altsasuko 5. edukiontziko materiarekin tratatutako tona kopurua handitu eginen da. Soilik Sakanako materia organikoarekin lan eginen dute. Gaur egun Sakanako materia organikoa Caparroson tratatzera eramaten da. Garraio hori kenduta hondakinen kudeaketa zerbitzuko gastuak txikitu eginen dira.

Hobariak
2017eko martxotik aurrera materia organikoa autokonpost, auzokonpost edo 5. edukiontziaren bidez kudeatzen duten sakandarrek fakturan hobariak izanen dituzte. Hala erabaki du Nafarroako Hondakinen Partzuergoak.
 
Konposta, eskura
Mank-ek Arbizun duen hondakindegian dagoen konposta edozein sakandarrek hartu eta eraman dezake. Astegunetan 7:00etatik 14:00etara joatea besterik ez du.