Mank-ek hondakindegiaren %60 itxiko du

Guaixe 2016ko abe. 23a, 13:39

Egun erabiltzen den zatia itxi eta berri bat egokituko du 2018rako. Gaur egun bezala, industriako hondakinak jasoko ditu.

Asmoa 2010ekoa da. Europak hala eskatuta hondakindegi guztiak itxi behar dira. Sakanako Mankomunitateak gaur egun erabiltzen den Arbizuko hondakindegiaren zatia zigilatu nahi zuen. Eta, aldi berean, hondakindegiaren barruko beste toki batean hondakinak jasotzeko beste espazio bat prestatu nahi zuen. Finantza krisiak Nafarroako Gobernua dirurik gabe utzi zuen eta gaur arte erabiltzen segitu da hondakindegiaren eremu hori. Mank Nafarroako Hondakinen Partzuergoan sartu zenetik hondakindegian soilik industria hondakin bizigabe ez arriskutsuak botatzen dira.

Nafarroako Gobernu berriak hondakindegiak ixteko lanari heldu dio eta Arbizukoa ere tartean dago.  Mank-ek 1,7 milioi euroko aurrekontua duen proiektua aurkeztu du eta gobernuak 1,3 milioiko diru-laguntza eman dio. Honakoak dira zehazki egitekoak: egungo hondakindegia itxi, hondakinendako gela berria prestatu, lixibiatuak jasotzeko gunea iragazgaitz bihurtzea eta likido horiek Arbizu-Lakuntzako araztegiraino eraman. Lanak 2017ko akaberarako eginak egon behar dute. Haiek egiteko eguraldi ona ezinbestekoa da eta, horregatik, apirilean edo maiatzean hastea aurreikusten da.

 Hondakindegian eginen diren lanak jasotzen dituen planoa.