Basotik jaitsiko da Olentzero

Guaixe 2016ko abe. 23a, 14:13

Bihar ongi etorri beroa eginen zaio ikazkinari Sakanan.

Galtzak bete lan izanen ditu Olentzerok bihar. Maridomingi lagun duela Sakanara bisita eginen du, basoko txondorrak itzali eta ikatza egin ondoren. Ikazkinari behar bezalako harrerak prestatzen ari dira ibarraren luzean, eta merezitako ongi etorria eginen zaio bihar. Esaterako, bakaikuar txikienak euren txokoak apaintzeko auzolana eginen dute gaur, 17:00etatik aurrera, elkartean.

Baina, hura etorri aurretik, txikienak kalera eskatzera aterako dira bihar goizean; Uharte Arakilen eta Etxarri Aranatzen pazkuan amores eskean eta Altsasun eta Ziordian eta beste hainbatetan kantu-eskean ariko dira.
Olentzero etorri aurretik, Lamiatutur Olatzagutian izan zen igandean, olaztiar txikiek ikazkinarendako zituzten gutunak jaso zituen. Arbizuko haurrak basora joan ziren gutunak ematera. Olentzeroren postotzian gutunak utzi eta ikazkina eta Mari Domingi urrutitik ikusi zituzten Iñigo Aritza ikastolako ikasleek.
Bihar, Olentzero eta Maridomingi agurtu ondoren, makina bat herritan auzatea edo otamena izanen da. Horrela, Gabonetako ospakizunak primeran hasiko dira.  

Etxeberrin eta Zuhatzun egona da ikazkina
Olentzerok lan handia duela jakina da. Horregatik, lanak aurreratzeko, aurreko asteburuan jaitsi zen Etxeberrira. Giro bikainean, primerako harrera egin zioten ikazkinari. Zuhatzuko bidea, aldiz, atzo, ostegunarekin hartu zuen ikazkinak. Zuhatzuarrek txokolate beroa hartu ondoren mendirantz jo zuten, hari harrera egiteko. Ondoren, kanta eta dantzen tartea izan zen, eta haurrek opariak jaso zituzten ikazkinaren eskuetatik.

Herria Ordua Tokia
Irurtzun 18:30ean Plazaolako zubia
Etxarren 18:30ean Eliza
Satrustegi-Hiriberri       17:30ean Satrustegiko elkartean txokolatada

Satrustegin 18:30ean Olentzero Satrustegin.
Hiriberri 19:30ean Olentzero Hiriberrira eta merienda

Ihabar 18:30ean Autobia azpiko zubia
Irañeta 18:00etan Autobus geltokia
Uharte Arakil 18:00etan Itxesin, Beriaingo bide hasieran
Arruazu 19:30ean Ubeldeko zubian
Lakuntza 18:00etan Trenbide azpiko zubia
Arbizu 18:00etan Plazan bildu, trikitixarekin baso aldera abiatzeko, bertan Olentzerori harrera egiteko
Unanu 18:00etan San Donato bidetik
Dorrao 18:00etan San Pedrotik
Lizarraga 18:00etan Menditik
Etxarri Aranatz 17:00etan Aldapasoro auzoan
Bakaiku 18:00etan Zulanpetik
Iturmendi 19:00etan Atxumendi kalea
Urdiain 18:00etan Portuko kalen
Altsasu   11:30ean Mari Domingi gaztetxetik abiatuko da, Foru plazara, gaiteroekin. Ondoren, Zumalakarregira joango dira, gaitero, fanfarre, txistulari eta eskolaniakoekin
  

  17:45ean Olentzero eta Mari Domingi San Juan baselizara iritsiko dira. Zubiaren beste aldean harrera egingo zaie
  18:00etan Ondoren ibilbideari ekingo diote. Zumalakarregin, miura banaketa, txondorra eta askaria eginen da eta gero Foru plazara (txalaparta, dantzariak, abesbatza…)
Olazti 18:30ean Belen iturritik
Ziordia Zehaztu gabe Altzaniako bidea