Urte zaharra eta asmo berriak

Guaixe 2016ko abe. 30a, 10:11

Ur goiena, ur barrena... kantatuz emango zaio ongi etorria 2017 urteari Sakanako herri askotan.

Abenduaren 31n beste urte bat despedituko dugu, 2016a. Sakanan kirola eginez, afari ederrekin, kantuan esanen diogu agur. Eta heldu da urte berria, 2017a. Etxajuak botaz, abesten, parrandan, mendira joanez… eginen diogu ongi etorria. Berezkoak ditugun ohiturei helduko diete, atzera ere, ibarreko makina bat tokitan.

Irañetan, urte berriko aurreneko orduan Txapel Azpi elkartean elkartuko dira, handik etxez etxeko kantu eskea abiatzeko. Ur goiena kantaren truke jasotako jan-edan guztiak abeslariek elkarteak dastatuko dituzte gero. Arruazun gauerdian iturriko ura jaso eta herrian barna banatuko dute, urte berriari kantatuz. Lizarragabengoan ere urtearen aurreneko unetik izanen dira kalean, etxez etxe ibiliko dira Ur goiena kantan eta eskean.

Etxarri Aranatzen ordu batean plazan topa egitera elkartuko dira. Ur goiena kantuarekin elkarri urte ona opako diote. Segituan kalez kale kantari abiatuko dira. Iturmendin, berriz, gauerdia pasata kintoak etxez etxeko errondan ariko dira, kantu eskean, urte berria zoriontzen. Esker onez pastak eta edatekoa eskainiko dituzte.

Urdiainen gauerdiaren aurretik apaizaren etxe inguruan elkartuko dira. Urte berriko aurreneko ezkila hotsekin nesaki eta mutiki gazteak herriko iturrietara joanen dira pitxerretan ur berria hartzera. Eliz etxean bueltan, urdiaindarrek Ur goiena, ur barrena kantaita abestuko dute. Agintariek ur berriaren truke opil goxoa emanen diete, aurrena gazteei, eta gero herritar guztiei, urte osasuntsua opatuz.

Gabon zahar eguneko arratsaldean, Altsasuko Udalak gaztainak eta ardoa banatuko ditu Gure Etxea eraikinean.