Sakanako futbola txapeldun I. Gabonetako Futbol Torneoan

Guaixe 2017ko urt. 4a, 09:57

Altsasu, Etxarri Aranatz eta Lagun Artea klubetako taldeek parte hartu zuten Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako torneoan

Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) I. Gabonetako Futbol Torneoa antolatu zuen abenduaren 23an eta 24an, Dantzalekun. Altsasu, Etxarri Aranatz eta Lakuntzako Lagun Artea klubetako taldeek hartu zuten parte torneoan, 5 mailatan: erregional maila, jubenilen maila, kadeteen maila, haurren maila eta kimuen maila.
Erantzunarekin kontentu daude SDA-n, irabazlea, finean, Sakanako futbola izan baitzen. "Jende asko hurbildu zen Dantzalekura eta, gainera, talde guztiak oso pozik zeuden. Beraz, torneoa antolatu izanagatik oso pozik gaude. Asmoa hemengo taldeekin zerbait egitea zen eta lortu dugu. Gainera, oso ongi atera zen eta, beraz, primeran" azaldu digu SDA-ko futbol koordinatzaile Gorka Paskuak.

Erregional eta jubenilen mailan Etxarri Aranatz gailendu zen eta kadeteen, haurren eta kimuen mailan, aldiz, Lagun Artea. Altsasu bigarrena izan zen erregional mailan, jubenilen mailan, kadeteen mailan eta haurren mailan.

I. Gabonetako Futbol Torneoko emaitzak
-Erregional mailan: 1.Etxarri. 2.Altsasu. 3.Lagun Artea.
-Jubenilen mailan: 1.Etxarri. 2.Altsasu.
-Kadeteen mailan: 1.Lagun Artea. 2.Altsasu. 3.Etxarri.
-Haurren mailan: 1.Lagun Artea. 2.Altsasu 1. 3.Etxarri. 4.Altsasu 2.
-Kimuen mailan: 1.Lagun Artea. 2.Tipi Tapa. 3.Sutegi. 4.Kaixo.