Izotzaldiaren ondoren, euria

Guaixe 2017ko urt. 9a, 09:06

Putzu izoztua moztutako enbor baten ondoan.

Hotz handia izan da azken bi asteetan eta hurrengo egunetan epeldu eta euria eginen duela iragarri dute.

Abenduaren 26an hasi zen izotzaldia. Hurrengo egunean Irurtzungo meteorologia-estazioan merkurioak -0,5 eta 11,5 gradu artean ibili zen. Hotz handiena ilbeltzaren 4an neurtu zen Irurtzunen, -4. Egun berean, 11 gradura arte igo zen gero. Azken lau egunetan Irurtzunen tenperatura minimoak -2 eta -3 gradu artean egon dira. Etxarri Aranazko estazioan abenduaren 26an -0,6 markatu zuen termometroak, -8,6ra jaitsi zen ilbeltzaren bostean; gero 8,4ra igo zen. Azken sei egunetan -5,1 gradutik beherako tenperaturak neurtu dira Etxarri Aranatzen. Altsasuko meteorologia-estazioak atzo neurtu zuen hotzik handiena: -8 gradu, egunak aurrera egin ahala 8ra igo zena. Azken bost egunetan termometroak -5,5 gradutik beherako tenperaturak neurtu dituzte Altsasun.

Ibarraren sakonean mendi gainean baino hotz handiagoa egin duela erakusten dute Aralarko meteorologia-estazioetako datuek. Azken bi asteetan abenduaren 31n jaitsi zen 0 azpitik termometroa Aralarren: -0,9. Gehiena, -4,7 gradu, ilbeltzaren 5ean jaitsi zen. Urbasan tenperatura minimoak beherago jaitsi dira: -9,4 abenduaren 29an. Atzo neurtu zen minimo altuena, -1,3koa. Abenduaren 26tik egun pare batean ez beste, Urbasako tenperatura minimoa atzokoaren bi edo hiru aldiz baxuagoak izan dira.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gaur arte ilbeltzaren bataz besteko tenperatura Aralarren 1,4 gradukoa izan da, Etxarri Aranatzen -0,3 eta Urbasan 0koa.

Gaurko iragarpena
Goiz eta iluntze partean lainotuta egonen da. Iluntzean tantaren bat bota lezake. Tenperatura minimoek gora eginen dute.

Erlazionatuak