Lagun Arteak eta Etxarrik irabaziz hasi dute urtea

Guaixe 2017ko urt. 9a, 12:36

Lagun Artea bigarren postura igo da.

Preferente maila. 14. jardunaldia: Lagun Artea – Burlades / Etxarri Aranatz – Berriozar

Urteari hasiera bikaina eman diote Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek. Lakuntzan igandean jokatutako partidan Lagun Arteak 2 eta 0 irabazi zion Burlades taldeari. Lehen zatian bi taldeak parez pare lehiatu ziren eta bigarren zatian, aldiz, lakuntzarrak izan ziren hobeak. Arbitroak ez zuen Lagun Artearen aldeko penalti bat ikusi, Burladesekoen esku argi bat, baina 51. minutuan Garikoitzek gola sartu zuen eta Lagun Artea aurreratu zuen. Bi minutu beranduago iritsi zen Lakuntzakoen bigarren gola, Anderrek sartutakoa. Hortik aurrera Lagun Arteak lortutako abantaila ongi kudeatu zuen eta 3 puntuak Lakuntzan geratu ziren. Beste gol bat ere sartu zuten lakuntzarrek, arbitroak ustez jokoz kanpoko jokaldi zalantzagarri batengatik baliogabetu zuena. Garaipen sendoak saria izan zuen, Lagun Artea bigarrena baita sailkapenean.

San Donato zelaian gol festa ederra ospatuz hasi zuten urtea Etxarri Aranatz futbol taldeko zaleak. Izan ere, Berriozar taldeari 4 eta 0 irabazi baitzion Etxarrik. 10. minuturako Jurgik Etxarri aurreratu zuen, baina hortik aurrera Berriozarrek gol aukera garbiak izan zituen, asmatu ez zituenak. Bigarren zatian partida ziurtatzera atera ziren etxarriarrak eta lortu zuen, hiru gol sartu baitzituzten Saezek (2) eta Alainek.

Preferente mailako liderrak, Bidezarrak (31 puntu), 5 puntu ateratzen dizkio Lagun Arteari (26 puntu). Etxarri Aranatz 7.a da (20 puntu). Asteburuan Berriozar izango du aurkari Lagun Arteak Berriozarren, eta Iruñean jokatuko du Etxarri Aranatzek, Arrotxapearen kontra.