Haur eta gaztetxoen artean euskarazko sormena sustatzeko asmoz deitu dira Maria Markotegi sariak. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatutako sariketa hori bizitokia edo ikastetxea Sakanan duten ikasleei zuzenduta dago. Txikienek ilustrazioekin parte hartu dezakete, baina adin batetik aurrera poesia, komiki edo narrazioen ataletan aurkeztu ditzakete euren lanak.
Ilustrazioa
Bi adin tartetakoek parte har dezakete; alde batetik, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako eta, bestetik, 3. eta 4. mailakoak dira. Aurrenekoek Anjel Lertxundiren Domingo Gorringo pirata ipuina ilustratu beharko dute, banaka. Bigarrenek, egile beraren Elefantitare ipuinetik abiatuta sortu beharko dituzte irudiak. Ilustrazioak A4 formatudun orrietan egin beharko dira, edozein margo edo teknika guztiak onartuko dira. Ikasle bakoitzak lan bat aurkezteko aukera izanen du eta haiek plika sistema erabiliz aurkeztu behar dira. Maila bakoitzean bina sari emanen dira, pintura zorro osatu bana izanen dira sariak.
Beste hiru aukera
Gainontzeko haurrek eta gaztetxoek narrazio laburra, poesia eta komikia sailetan parte hartzeko aukera izanen dute. Hori bai, lau kategoriatan: LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena, DBHko 1. eta 2. mailetakoena, DBHko 3. eta 4. mailetakoena eta Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena.
Lehiaketara aurkezten dituzten lanak originalak, aurrez saritu gabeak, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izanen dira. Gaia librea izanen da. Antolakuntzak argitu du ez direla bertsopaperak ametituko. Lanek ondoko luzera izanen dute: olerkietan 14 lerro gutxienez eta 40 gehienez; komikietan orrialde bat gutxienez eta 5 gehienez; eta narrazio laburretan, LHko 5. eta 6. mailetako ikasleek orrialde bat gutxienez eta 3 gehienez, DBHko ikasleek 2 orrialde gutxienez eta 5 gehienez eta Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek 3 orrialde gutxienez eta 8 gehienez.
Bete beharreko baldintzak dira: literatur lanak ordenagailuz idatzirik aurkeztuko dira, Arial letra mota erabiliko da eta 12 puntuko hizki-tamaina. Komikiak zuri-beltzean edo koloretan aurkeztuko dira. Ordenagailuz edo eskuz egin daitezke. Lanak bakarkakoak izanen dira. Ez dira taldekako lanak onartuko. Ikasle bakoitzak gehienez ere lan bana aurkez dezake sail bakoitzean eta plika sistemaren bidez aurkeztu beharko dira. Saila eta maila bakoitzeko bina sari banatuko dira.
Sariak
Narrazio laburren saila | ||
Kategoria | Saria | Zenbatekoa (€) |
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena | 1. saia | 50 |
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena | 2. saria | 40 |
DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena | 1. saria | 70 |
DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena | 2. saria | 60 |
DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena | 1.saria | 90 |
DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena | 2. saria | 80 |
Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena | 1.saria | 110 |
Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena | 2. saria | 100 |
Poesia saila | ||
Kategoria | ||
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena | 1. saia | 50 |
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena | 2. saria | 40 |
DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena | 1. saria | 70 |
DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena | 2. saria | 60 |
DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena | 1.saria | 90 |
DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena | 2. saria | 80 |
Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena | 1.saria | 110 |
Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena | 2. saria | 100 |
Komiki saila | ||
Kategoria | ||
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena | 1. saia | 50 |
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena | 2. saria | 40 |
DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena | 1. saria | 70 |
DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena | 2. saria | 60 |
DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena | 1.saria | 90 |
DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena | 2. saria | 80 |
Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena | 1.saria | 110 |
Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena | 2. saria | 100 |
Martxoak 17
Egun horretako 15:00etan despedituko da lanak aurkezteko epea. Haur eta gazteek euren ikastetxeetan aurkeztu ahalko dituzte eta ikastetxeak izanen dira Mank-eko erregistroan aurkeztuko dituztenak.
Ilustratu beharreko ipuinak
DOMINGO GORRINGO PIRATA
Mundu guztiak Domingo Gorringo deitzen zion. Pirata zen: oihal beltz batez estalia zuen begia, eta egurrezko hanka bat zeukan. Baina Domingo Gorringok ez zuen inor beldurtzen. Neska mutilek esaten zioten:
—Domingo Gorringo, non duzu ezpata?
—Domingo Gorringo, non duzu altxorra?
Hala ere Domingo Gorringo ez zen haserretzen.
Domingo Gorringok bazeukan, bai, altxor bat urrutiko uharte batean gordeta. Domingo Gorringok ez zeukan itsasontzirik ordea, eta ez zuen inork pirata urrutiko uhartera eraman nahi.
Behinola kapitain batek esan zion:
—Domingo Gorringo, neuk eramango zaitut urrutiko uhartera.
Kapitainak eraman zuen Domingo Gorringo urrutiko uhartera, eta han aurkitu zuen gaztetan gordetako altxorra.
Altxorreko urreak uharteraino eraman zuen kapitainari eman zizkion. Altxorreko perlez, itsasontzi berria erosi zuen. Altxorreko diruez gozokiak eta gailetak erosi zituen herriko neska mutilentzat.
Anjel Lertxundi
ELEFANTITARE
Elefantitare deitzen zioten, titare bat bezain txikia zelako. Behiak baino txikiagoa zen eta astoak baino txikiago, txakurrak baino txikiagoa zen eta katuak baino txikiago, saguak baino txikiagoa zen eta txoriak baino txikiago.
Baina Elefantitare ez da batere gustura bizi:
—Behiek eta astoek zapalduko naute. —Esaten zion amari.
—Txakurrek eta katuek jango naute. —Esaten zion aitari.
—Saguek eta txoriek beldurtzen naute. —Esaten zio amonari.
Elefantitare aitonarengana joan zen eta esan zion:
—Aitona, triste, goibel eta haserre nago.
—Triste, goibel eta haserre zergatik, e?, zergatik? —Galdetu zion aitonak.
—Titare bat bezain txikia naizelako.
—Ba, suerte handia duzu. Horrela ez duzu beti jan eta jan aritu behar, edan eta edan jardun behar.
Une hartantxe euri zaparrada ikaragarria hasi zen eta Elefantitare harri baten azpian gorde zen. Euri zaparrada ikaragarria aitonaren bizkar gainera erori zen.
—Atxis! —egin zuen aitonak— atxis, atxis, atxis!
Elefantitarek burua harripetik atera eta esan zion aitonari:
—Goazen lehen bai lehen etxera. Aspirina handi-handi bat hartu beharko duzu gripe handi-handi bat harrapatu baino lehen.
Anjel Lertxundi