Etxeberria Iruñeko literatur-lehiaketan saritua

Guaixe 2017ko urt. 12a, 19:52
Izaskun Etxeberria Zufiaurre saria jasotzen. Argazkia: Iruñeko Udala.

Altsasuarrak hirugarren urtez jarraian narrazio laburreko sailean saria eskuratu du.

Iruñeko Udalak sortzaile berriendako literatur lehiaketako 26. edizioko sariak abenduaren 20an banatu zituen. Aurreko urtean bezala sarituen artean Izaskun Etxeberria Zufiaurre zegoen. Sortzaile altsasuarrak narrazio laburren sailean bigarren saria eskuratu zuen Ura ere gorria lanarekin. Etxeberriak gerra ondorengoa Altsuondo herriko neskatila baten begietatik kontatzen du. 1939. urtean kokatutako narrazioak neskatilaren eguneroko pasarteak eta narrazioa uztartzen ditu, bien uztarketak aurrera eramanez irakurlea.  

Idazleak garai hartan gertatutako makina bat aipamenekin janzten du narrazioa: etxeetan zegoen eskasia, hezkuntza, irakasleen egoera, soldadu-langileen batailoiak, lan behartuak, militarrak, gerra, deserria, fusilatzeak, haurren lana eta beste. Asko eta asko Katali neskatikoaren eta bere anaiaren begietatik ikusia. Epaimahaiak horrekin batera idazlanaren “polifonia eta egitura” nabarmendu ditu”. Etxeberriak  historiako gai eta gertakarietan oinarritutako beste narrazio batekin lortu zuen 2015eko saria ere. Orduko hartan XVIII. mendeko Burundako bidelapurren gertakariekin western itxurako abentura narrazioa ondu zuen.