Bihartik igandera nazioarteko turismo azoka, Fitur, izanen da Madrilen. Turismoaren profesionalen mundu mailako topaketa horretan Sakana presente izanen da bigarren urtez jarraian. Ibarraren berri Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Bidelagun turismo elkarteak emanen dute. Bien eskutik Sakanako xendak turismo-produktua aurkeztuko dute. Etzi izanen da aurkezpena. SGAko turismo teknikari Paki Urbitartek esan digunez, “gure aurkezpenak turista edo bisitariei Sakana ezagutzeko gogoa piztea du helburu, garraio publikoa hartuta iritsi daitekeen ibarrera!”
Sakanak “ibarraren aberastasunaren eta aniztasunaren isla diren paregabeko ibilbideen sarea” aurkeztu nahi dituzte. Bisitariei azalduko diete “ibilbide horiekin gure paregabeko basoetan eta milaka urte dituzten paisaietan” sartuko direla. Nabarmenduko dute ibilbide horiek kalitatezkoak direla, ongi seinaleztatuta eta egoera onean daudela. “Haien osagarri gastronomia ona, landa-alojamenduak, tokiko produktuak eta turismo-jarduerako enpresak” daudela gaineratuko dute.