Artea eta paisaia argazkien aroan

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi 2017ko urt. 13a, 08:04

kolaboratzaileak

Halako izenburuarekin, badirudi gaurko artikulua arteak argazkilaritza agertu zenetik gaur eguneraino izan duen bilakaeraz arituko garela dirudi. Guztiok dakigu, jada, argazkilaritzaren jaiotzarekin margolariek errealitatea harrapatzeari uko egin ziotela eta subjektiboitasuntean bilatu zutela babesa. Figuraziotik aldendu eta ohikoak ziren irudietatik urruntzen ziren kolore eta ehundurak hurbildu zizkiguten begietara. Garai hartakoak dira soberan ezagunak ditugun abangoardiak.

Argazkilariak, bitartean, kaleetara jausi ziren, gizakien eta paisaien senean ezkutatzen zenaren bila. Gero, diktatura zurrunen garaia helduko zen, eta argazkiak margo isxil eta kaltegabeen ereduetara itzuli ziren berriro, esanhahi politikoetatik urruntzeko saiakeran. Iraultza, giza begien mina salatzen zuen argazki batek piztuko zuelakoren ikarak baztertu zituen argazkilariak kaleetatik.

Baina garai hura atzean geratu zen, jada;, eta, egun, argazkilaritza orokortuaren garaian murgilduta gaude zeharo. Eremu berri honetan, museoetan eskegita dagoen artearekiko harremana aldatu dela dirudi. Ezin daiteke esan galerietan dauden margolan ezagunenek eragiten duten atrakzioerakarpena berria denik. Betidanik bildu da jendetza Da Vinciren Gioconda-ren edo Munchen Oihua-ren inguruan, gainerako erretratuen gainetik begiak maiz nagi igarotzen diren artean.

Baina ez naiz joera horretaz ari, baizik eta azken urteotan nagusitu den estreinauzko harremanaz. Museoak, hirietako etxe, eraikin, izkina, eta eremu gehienen antzera, argazkien esparru bilakatu dira. Hasiera batean pintura ospetsuenen argazkiak ateratzeko ohitura zabaldu zen, baina gerorago argazkilariak –guztiok garelako argazkilari, edo inor ez–, noizbait museoetan egin ditugun argazkien baliogabetasunaz jabetuta –beste batek atera izan du lehenago kouadro beraren irudi garbi eta zehatzagoa, bereziagoa...– bide berriak bilatu ditugu.
Kontenplazio hutsaz gain museoa arakatzeko motibazio baten bila, margolanen parean gure burua txertatzeari ekin diogu orduan, eta horrela argazkia bertan egon garela adieraztekoren froga materiala bilakatu dugu: “ni hemen egon naiz”, “guztiok liburu eta telebistan ikusi duzuen kouadro hau zuzenean ikusi dut”.

Alde batetik, badirudi ohitura berri honek, nolabait, arte ezberdinen arteko elkarrizketa bultzatzen duela. Museoetan margolanak eredutzat kopiatzen dituzten margolarien, eta pinturen inguruan idatziak egiten dituzten idazleen parean, ustezko argazkilariek euren tokia aldarrikatzen dute. Baina, tamalez,  aurrekoetatik urrun, azken hauek ez dute orokorrean euren idazkia edo euren margolana goratzen, baizik eta “nia”, euren burua. Horrela kouadroa bere maila kulturalaren baieztapena bihurtzen da, edo haien edertasuna frogatzeko beste aitzaki hutsa.

Azken urteotan, aurrez aurre kokatu ordez, artearen aurrean sarri ezartzen garelaren sentsazioa dut, paisaiaren aurrean, gure edertasunaz arduratuta, inguruan dagoenari erreparatu gabe.
Honek behin irakurri nuen zerbait ekartzen dit gogora: mutiko gazteek ezinezkoa omen dute benetako maitasuna, ustezko maitatuaren begietan euren balioa eta xarmantasunaren froga bilatzen dutelako, barrura begiratu gabe. Agian, argazki bat atera eta gure irudia begiratu baino lehen paisaia hunkigarriaz edo gure maitatuaren aurpegiaz ohartzen garen unean, hasiko gara errealitate eta artearen edertasun zabala ulertzen eta ikusten.