5. edukiontziaren ezarpena Altsasun

Hondakinen faktura, partzuergoaren hobariarekin

Guaixe 2017ko urt. 13a, 08:56

Bilketako kamioiak Arbizuko hondakindegian.

Mank-en eskaera onartuta, atez ate hondakinak kudeatzen dutenen faktura %8 jaitsiko da eta konposta egiten dutenena %1.

Sakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko sistema berria 2013an ezarri zuen. Nafarroako Hondakinen Partzuergoa ibdarrean jasotako hondakinak kudeatzeaz arduratzen den erakundea da eta Mank 2013tik sortutako hondakin kopuruaren arabera ordaintzeko eskatu dio, behin eta berriro. Gehiago birziklatzen dutenek gutxiago ordaintzeko hain zuzen ere.

Sakandarron hondakinen faktura bi erakunde ordaintzeko da. Alde batetik, Mank-i hondakinak jasotzeagatik (%67) eta, bestetik, partzuergoari hondakinak tratatzeagatik (%33). Ibarreko erakundeak bere fakturaren zatian %15eko hobaria ematen zien auzo-konposta edo auto-konposta egiten zutenei. Partzuergoa bide horretan urratsak ematen hasi da: hondakinak auzo-konpost edo auto-konpost sistemekin kudeatzen duten herritarrendako %25eko hobaria aurreikusi du eta atez ate ari direnendako %20koa. Partzuergoaren hobariak indarrean sartu direnez, Mank-ek bereak kendu ditu. Ondorioz, atez ateko sisteman izena emandakoek hondakinengatik %8 gutxiago ordainduko dute aurten eta materia organikoa konpost bidez kudeatzen dutenek %1 gutxiago.

Tasak

Bilketa sistema / urtea 2016 2017 Aldea
Auto- eta auzo-konposta 104,97 103,74 -%1
Atez ate 115,32 106,06 -%8
5. edukiontzia 115,32 106,06* ?
Mistoa 104,94 103,74 -%1
Altsasu / Irurtzun 115,32 115,32 =
*Inpropioen arabera %0 eta 15 hobaria eta %5 errefusa.


3.954 tona
Sakanatik hondakin kopuru hori eraman da Tuterako Culebrete hondakindegira. Horregatik pagatzen zaio, besteak beste, partzuergoari. 3.954 tonetatik 2.520 Irurtzunen eta Altsasun jasoak daude. Bi herri horietan hondakin bilketa eredua aldatzearekin batera birziklatze tasak gora eginen du.


Altsasun, informazio kanpaina
Mank-ek eta Altsasuko Udalak hitzarmena sinatu dute herrian materia organikoa jasotzeko 5. edukiontzia, marroia, jartzeko. Erronka urte akaberarako Altsasuko birziklatze tasa %65era igotzea da. Gaur egungo tasa %27koa da. Hau da, emaitza horiek lortzeko Altsasuko 2.268 etxeen %60ak egin beharko luke bat sistema horrekin. Mank-ek bi hilabete darama Altsasun informazioa ematen eta oraingoz soilik 41 etxebizitzen eman dute izena 5. edukiontzia erabiltzeko.

Baratzeko bide plazan dagoen lokomotora informazio bulego bihurtu da. Astelehenero, asteazkenero eta ostiralero 5. edukiontziari buruzko azalpenak jasotzeko aukera dago, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Era berean ezarpenari buruzko xehetasunak 900 730 450 doako telefonoaren bidez jasotzeko aukera dago. Mank-en altsasuarrekin harremanetan jartzeko beste bideak aztertzen ari dira.