Dispertsioaren errealitateari doinuak

Guaixe 2017ko urt. 13a, 14:23

Zama doinuz arinduz II. Elkartasun jaialdia igandean, 18:00etan eta 20:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean.

Etxarriko Sarek, senideek eta lagunek Zama doinuz arinduz musika jaialdia antolatu dute iganderako. Bigarren urtea da kontzertu-ikuskizuna antolatzen dutena. Haren bidez presoen “sakabanaketaren errealitatearen kontakizuna”, salaketa eginen dute. Etxarriko zortzi presoak dispertsatuak daude eta bederatzi musikari ezagun izanen dira igandeko jaialdian parte hartuko dutenak: Zopilotes Txirriaos, La Chula Potra, Gozategi, Hutsun, Anje Duhalde, El Deseo del Doctor, Fermin Valencia, Gorka Urbizu eta Fran eta Zuriñe. Bakoitzak bi kantu eskainiko ditu.

Preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko doinuak bi emanaldi berdinetan eskainiko dira Etxarri Aranazko kultur etxean: 18:00etan (sarrerak agortuta) eta 20:00etan. Ateak ordu erdi lehenago zabalduko dira eta emanaldiak puntual hasiko dira. Horregatik, ateak emanaldia hasi baino 5 minutu lehenago itxiko dira.

Sarrera gutxi batzuk gelditzen dira, haiek udaletxeko kultura bulegoan, Xapatero eta Leku Ona tabernetan salgai daude, baita www.etxarriaranatz.eus web orrian ere. Azken bide horren bidez sarrerak eskuratu dituztenek igandean inprimakia eraman behar dute. Antolatzaileek gaztigatu dutenez, emanaldietan ezin izanen da ez argazkirik atera ezta bideo grabaziorik egin.