Ezkurdiak eta Merinok laugarren puntua lortu dute

Guaixe 2017ko urt. 16a, 09:45

Zabaleta, Ezkurdia eta Merino, materiala aukeratu zutenean.

Jaka eta Zabaleta 15 tantotan utzi zituzten

Binakakoa. 8. jardunaldia
Elezkano II.a-Zabaleta / Altuna III.a-Barriola (asteazkenean, 17:00etan, Mungian)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Victor-Albisu (ostiralean, 20:00etan, Galdakaon.ETB1)
Irribarria-Rezusta / Olaizola II.a-Untoria (larunbatean, 17:45ean, Iruñean)
Urrutikoetxea-Imaz / Ezkurdia-Merino II.a (igandean, 17:00etan, Oiartzunen. ETB1)

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako lehen buelta jokatuta, sailkapenak oraindik estu jarraitzen du izaten. Igandean txapelketan parte hartzen ari diren pilotari sakandarrak, Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta, elkarren kontra aritu ziren eta Adarragan jokoan zegoen puntua Arbizura joan zen, Ezkurdiak eta Merino II.ak 22 eta 15 irabazi baitzieten Elezkano ordezkatu zuen Jakari eta Zabaletari.

Logroñokoa partida nahasia izan zen eta azpimarratzekoa da akatsak izan zirela protagonista, Jakaren eta Zabaletaren akatsak, bereziki. Partidaren hasieran Jaka eta Zabaleta aurreratu egin ziren, 2 eta 4, baina berdintzea lortu zuten Ezkurdiak eta Merinok. Horrela joan zen lehen txanpa: Jaka eta Zabaleta aurreratu eta Ezkurdiak eta Merinok berdindu. Launa, bosna, bederatzina… berdintzea lortu zuten Ezkurdiak eta Merinok, eta hortik aurrera aurrea hartu zuten, Jakaren eta Zabaletaren akatsei esker, bereziki. Une horretan Zabaletak ez zuen dominatzen jakin eta behera egin zuen. Aipatzekoa da Etxarrengoak 7 akats egin zituela eta Ezkurdiaren 3 sake ezin izan zituen erantzun. Hortaz, kontrakoen akatsak baliatuta –13 akats egin zituzten guztira Jakak eta Zabaletak– eta serio jokatuz lortu zuten laugarren puntua Ezkurdiak eta Merinok.

Binakako Txapelketan Irribarriak eta Rezustak 6 puntu dituzte, Ezkurdia-Merino II.ak eta Altuna III.a-Barriolak 3 puntu eta 3 puntu dituzten 4 bikote daude: Elezkano II.a-Zabaleta, Bengoetxea VI.a-Larunbe, Olaizola II.a-Untoria eta Artola-Albisu. Urrutikoetxeak eta Beroizek puntu batekin jarraitzen dute. Gaur, Beotibarren, Urrutikoetxeak eta Beroizek Artola eta Albisu izango dituzte aurkari.

Datorrena
Binakako hasierako ligaxkako bigarren bueltari ekingo zaio asteazkenetik aurrera. Txapelketako 8. jardunaldian, asteazkenean 17:00etatik aurrera Mungian jokatuko den jaialdian Elezkano II.ak eta Jose Javier Zabaletak Altuna III.a eta Barriola izango dituzte aurkari. Ez dakigu Elezkano jokatzeko moduan egongo den edo Jakak hartuko duen bere tokia, baina laugarren puntuaren bila aterako dira. Eta igandean, Oiartzunen, Urrutikoetxea eta Imazen kontra ariko dira Ezkurdia eta Merino II.a, txapelketan gora egiteko bosgarren puntuaren bila.