Cedernak 2016an 21 enpresen sorreran laguntza eman zuen

Guaixe 2017ko urt. 19a, 18:44

Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera finantzatutako Ekintzailetza Sustatzeko Zerbitzuak Sakanako 41 ekintzaileri eman zion laguntza eta aholkularitza 2016an.

Cederna-Garalur Elkarteak Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera finantzatutako Ekintzailetza Sustatzeko Zerbitzuak 2016ko datuen berri eman du. Datuok diotenez, joan den urtean Sakanan 41 ekintzaileri laguntza eman zieten, 20 emakumezkori eta 21 gizonezkori. Bestalde, 2016an 21 enpresa sortu ziren, 28 langile autonomoren alta ekarri zutenak (16 emakumezko eta 12 gizonezko). Datuek gaineratzen dutenez, aurretik sortuta zeuden 14 enpresei ere laguntza eman zitzaien.

Cederna-Garalurrek ere gogora ekarri nahi izan du Sakanan joan den urtean hainbat ekintza antolatu zituztela: bi ekintzailetza mahai, bi tutorial (Ogasunarekin bete ahal izateko zure paperak antolatu eta Ogasuna online zerbitzuarekin tramiteak nola egin) eta Altsasuko Sakana LH institutuan bi taller (The Case eta Ekintzailetza esperientzien lekukotza zuzena).

Nafarroako datuak aintzat hartuta, Cederna-Garalur Elkarteak adierazi du Nafarroako Mendialdean, 2016an, 75 enpresen sorreran laguntza eman zutela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin finantzatutako Ekintzailetza Sustatzeko Zerbitzuaren bidez. Halaber, guztira 174 ekintzaile lagundu zituztela gaineratu du, 94 emakume eta 80 gizon. 75 enpresa berri horiek ekarri dute 88 autonomok alta eman zutela Gizarte Segurantzan. Horretaz gain, aurretik sortuta zeuden 50 enpresei ere laguntza eman zietela aipatu du.

Ekintzaileendako zerbitzua Sakanan
Cederna-Garalur Elkartetik azpimarratu nahi dute ekintzaileei laguntza emateko zerbitzuak martxan jarraitzen duela Sakanan, Arbizuko Utzuganen. Astelehenetan Altsasuko Gure Etxean ere egiten dute harrera.