Bizi-klidetza

kolaboratzaileak

Gure bailarako naturaz gozatzeko, mendiez edota basoez gain dermioak ditugu, herritik aparte dauden laboreetarako lur eremuak. Gure partzelarietan egiten ari diren berrikuntzekin (sasitegiak garbituz eta portalangak zabalduz) herrien arteko loturak galarazten zituzten korapiloak askatu eta mugikortasun-sarea zabaltzen ari dira. Ingurumena errespetatzen duten garraiobideak sustatzea da bide-berri horien asmoa.

Hirietan bide-gorriak eta oinezkoen alderdiak dauden moduan, gurean Sakanako ibilbide ziklablea eraikitzen ari da. Eskualdeko herriak batuko dituen sarea osatzeko pauso garrantzitsua eta beharrezkoa izango da, oinez zein bizikletaz ibiltzeko aukera zabaltzen duelako. Gainera, egokitzapen horien guztien helburua mugaz gaindiko egitasmo zabalagoekin bide-gurutzatzea da, Ederbidea-Circuldouce-Done Jakue Bidea.

Eta errealitate hori lurrera jaitsita, xenda horietan ibil gaitezkeen “fauna” irudikatzerakoan autobideen sarbideetan ikusten ditudan seinaleak datozkit burura. Susmoa dut debeku seinale horietan galarazita dauden landa-garraiobide guztiak egingo dugula topo. Traktoreak, gurdiak, ganadua, oinezkoak, bizikletak edo pirriska duten edozein gailu, den-denok lohiez, ur-zirkinez, orbelez eta ongarriz zipriztinduak.

Landatar fauna hori anitza da eta, batzuetan, konplexua. Hainbat errealitate eta interes batzen dira bidean, eta haien artean oreka bat bilatu beharra izaten da. Behar hori bereziki nabaria izaten da mugikortasunaren arloan, hor bateratu eta uztartu behar baitira nekazal-abeltzainen lana eta jolasean, denbora-pasan, korrikan, bizikletan edota paseoan dabiltzanen behar eta nahiak. Den-denak zilegiak eta zein baino zein errespetagarriagoak baitira.

Oreka konplexu hori lortzeko giltza, nire uste apalean, bizikidetza da. Landa eremuak dituen mugikortasun moduetako bakoitzaren berezitasuna aintzat hartzean eta horiek guztiak elkarrekin izatea ahalbidetzen duten arauak errespetatzean oinarritutako bizikidetza.