Lehenik eta behin, AHNA Elkarteak Mikel Zuloaga eta Bego Uharterekiko elkartasuna adierazi nahi du. Haiek bezala, lanean jarraitzea ezinbestekoa ikusten dugunez, hurrengo proiektu hauek ditugu helburu. Nahiz eta Calaiseko kanpalekua desagertarazi, haren inguruan kanpaleku txikiak sortzen ari dira, errefuxiatuen asmoak Inglaterrara pasatzea izaten jarraitzen baitu. Egoera are zailagoa da aurtengo neguaren gogortasuna kontutan izanda.
Testuinguru honetan AHNA elkarteak Iruñeko biltegian neguko baldintzei aurre egiteko aproposa den arropa jasoa dauka eta hurrengo egunotan Calaisera bidaliko du. Era berean, Melillara materiala bidaliko dugu, Guruguru mendian beharturik dagoen jendetza dagoelako. Eta, azkenik, Greziara bidaiatzeko asmoa daukagu, gure laguntza eskaintzeko eta materiala bidali ahal izateko bideak aztertzeko.
Zehazki, ilbeltzaren 25ean, asteazkenean, Calaisera materiala bidaltzeko kamioia kargatuko dugu, Care4Calais biltegirako 1.000 kaxa bidaltzeko. Biltegi hori hornitzeko beste aldi batzutan ere lan egin dugu. Besterik gabe, errefuxiatuen alde lanean jarraitzea ezinbestekoa dela berresten dugu.