5. puntuak ihes egin zien Ezkurdiari eta Merinori

Guaixe 2017ko urt. 23a, 09:39

Ezkurdiak eta Merinok ezin izan zuten bosgarren puntua lortu.

Urrutikoetxeak eta Imazek erremontatu eta 22 eta 20 irabazi zieten. Ezkurdia eta Zabaleta elkarren kontra lehiatuko dira 9. jardunaldian, larunbatean, Labriten

Binakako Pilota Txapelketako 8. jardunaldia ixten zuen partidan Urrutikoetxea eta Imazek erremontada bikaina egin zuten eta Ezkurdia eta Merino II.ari 22 eta 20 irabazi zieten. Ezkurdiak eta David Merinok partida hasiera bikaina egin zuten eta serio jokatuz, 6 eta 15 aurreratu egin ziren, baina irabazi eta euren 5. puntua lortuko zutela uste zenean iritsi zen Urrutikoetxearen eta Imazen erantzuna. Mikel Urrutikoetxeak ez zuen partida galdutzat eman eta ilusioz beteta zegoen Imazekin batera partidari buelta ematea lortu zuten. Ezkurdia eta Merino Urrutikoetxeak eta Imazek ateratako pilota batekin trabatuta geratu ziren, ezinean. “Jubeniletako pilota” zela adierazi zuten. Horretaz gain, epaileek hartutako zenbait erabakik ez zieten mesede egin, tartean Merinoren pilota bat txartzat eman zuten, ona izanda, eta Merinok Urrutikoetxeak traba egin ziola ere salatu zuen.

Kontua da, gauza bat eta beste, eta aipatutako pilota famatu horri esker, Imazek gora egin zuela eta, azkenean, partida parekatu zen, Urrutikoetxeak jokoan sartzeko aukera gehiago izan zituen eta, azkenean, partidari buelta eman eta 22 eta 20 gailendu ziren Urrutikoetxea eta Imaz. Ezkurdiak eta Merino II.ak bosgarren puntua lortzeko urrezko aukera galdu zuten eta egun, txapelketak oraindik zabal-zabalik jarraitzen du.

Txapelketa, zabal-zabalik
Izan ere, Binakako Pilota Txapelketako 8 jardunaldi jokatu eta gero, sailkapenak oraindik estu-estu jarraitzen du. Irribarriak eta Rezustak 7 puntu dituzte eta lider argiak dira, baina gainontzeko bikoen artean ez dago aparteko alderik. 4 puntu dituzten 4 bikote daude: Elezkano II.a-Zabaleta, Ezkurdia-Merino II.a, Artola-Albisu eta Altuna II.a-Barriola, eta 3 puntu dituzten 3 bikote: Bengoetxea VI.a-Larunbe, Olaizola II.a-Untoria eta Urrutikoetxea-Imaz.

Ezkurdia eta Zabaleta elkarren kontra
Asteburuan 9. jardunaldia egongo da jokoan. Larunbatean sakandarrak elkarren kontra ariko dira Labriten, Ezkurdia eta Merino II.a, Zabaleta eta Elezkano ordezkatuko duen Jakaren kontra. Anai arteko lehia estua izango da, bi bikoteek lau puntu dituztelako eta bosgarrena lortzea ezinbestekoa izango delako biendako. Hortaz, partida oso borrokatua espero da.

Binakakoa. 9. jardunaldia
Urrutikoetxea-Imaz / Victor-Albisu (ostiralean, 21:00etan, Mallabian. ETB1)
Ezkurdia-Merino II.a / Elezkano II.a-Zabaleta (larunbatean, 17:45ean, Iruñean. ETB1)
Olaizola II.a-Untoria / Altuna III.a-Barriola (igandean, 17:00etan, Gasteizen. ETB1)
Irribarria-Rezusta / Bengoetxea VI.a-Larunbe (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)