Sakanako pilotarien festa

Guztira 9 final jokatu ziren XXIX. Sakanako Pilota Txapelketan, Arbizun eta Lakuntzan, eta nagusien mailan Murgiondok eta Arbizuk (Irurtzun) jantzi zituzten txapelak

XXIX. Sakanako Pilota Txapelketako finalen emaitzak:
Umeak 2: Ganboa-Eskudero (Lakuntza) 9/ Etxeberria-Saralegi (Irurtzun) 18
Umeak 1: Igoa-Gonzalez (Pilotajauku) 18 / Amiano-Laso (Irurtzun) 10
Kimuak 2: Amado-Beruete (Aldabide) 18 / Gorospe-Larrañaga (Sutegi) 12
Kimuak 1: Lakuntza-Garmendia (Aldabide) 18 / Martiarena-Markina (Irurtzun) 5
Haurrak 2: Peral-Agirretxe (Pilotajauku) 11 / San Roman-Ulaiar (Pilotajauku) 18
Haurrak 1: Imaz (Aldabide) 18 / Gorrotxategi (Aldabide) 8
Kadeteak: Araña-Araña (Gure Pilota) 8/ Berekoetxea-Berastegi (Irurtzun) 18
Gazteak: Otxoa-Goikoetxea (Aldabide) 4 / Olaetxea-Petriati (Aldabide) 22
Nagusiak: Ezkurdia-M.Eulate (Irurtzun) 19 / Murgiondo-Arbizu (Irurtzun) 22

Larunbatean XXIX. Sakanako Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren Arbizu eta Lakuntzako pilotalekuetan. Aipatu txapelketan, guztira, Sakanako 6 pilota klubeko 104 pilotarik hartu dute parte, Olaztiko Sutegi, Altsasuko Pilotajauku, Etxarri Aranazko Gure Pilota, Arbizuko Aldabide, Lakuntza eta Irurtzun klubetakoak.

Guztira 9 final jokatu ziren, Arbizun eta Lakuntzan, baina sari ematea Lakuntzan izan zen. Lakuntzako San Saastin festak zirenez, ikusleak majo bildu ziren frontoian eta giro oso polita izan zen. Partidak oso lehiatuak izan ziren, ikusgarriak, eta pilotazaleek ederki gozatu zuten. Kadeteetan Irurtzun klubeko Berekoetxea eta Berastegi izan ziren txapeldunak, gazteetan Aldabideko Olaetxea eta Petriati eta nagusietan Irurtzun klubeko Murgiondo eta Arbizu. Aitor Zubieta eta Joseba Ezkurdia pilotari profesional sakandarrek banatu zituzten trofeoak. Txapelketako klub antolatzaileetako kideak afaltzera geratu ziren Lakuntzan eta pilotariek eta ingurukoek festez gozatzeko aukera ere izan zuten.

Altsasukoekin elkartasuna
Aipatzekoa da, partidak bukatzerakoan Altsasuko Pilotajauku klubak komunikatu bat irakurri zuela, Altsasuko ferietako liskarren ondoren gertatutako “muntaia poliziala” salatu zuena. Pilotajaukukoek gogoratu zuten 11 gazte auzipetuak daudela eta horietatik 3 espetxean daudela, horietako batzuk Pilotajaukurekin harreman handia dutenak. Bukatzeko, guztiek talde argazkia atera zuten “Altsasukoak Aske Muntai Polizialik Ez” pankarta atzean zutela.