Aizkolari izan nahi duzu? Etorri gurekin!

Guaixe 2017ko urt. 31a, 09:46

2017ko Sakanako Aizkora Eskolarako izena ematea zabalik dago Mank-en

Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Sakanako Aizkora Eskola jarri du martxan. Helburua, aizkoran hasi edo trebatu nahi dutenei kirol honetan murgiltzeko baliabideak ematea da. Izan ere, sarritan herri kiroletan aritzea nahiko genuke baina bertan aritzeko materialak eta baliabideak ez ditugu eskura. Gabezia horiei irtenbidea emateko sortu zuen Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, bere garaian, Sakanako Aizkora Eskola. Horrela, aizkora gustuko dutenei aizkoran hasteko beharrezkoak diren baliabideak –aizkorak, entrenatzeko tokia, enborrak eta beste– ematen zaizkie. Hasieratik arrakasta handia izan du eta urtero bertan aritzeko tokiak betetzen dira.

Sakanako Aizkora Eskolarekin, aizkora bulkatzeaz gain, Sakanan aizkolari harrobi on bat osatu nahi da. Asko dira bertatik atera diren aizkolariak, egun txapelketetan aritzen direnak.

Aurtengo Sakanako Aizkora Eskola, 2017koa, martxoan hasiko da. 10-25 urte arteko neska-mutikoek eman ahal dute izena, eta tokia badago, helduagoak ere aritu daitezke. Izena ematen dutenak asteazkenetan –19:30etik 20:30era– eta larunbatetan –12:00etatik 13:00etara– murgilduko dira aizkoran, Juanito Erdozia, Juanjo Erdozia eta Migel Angel Erdozia aizkolarien esanetara.

Izena emateko
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus), otsailaren 20a baino lehen. Prezioa: 55 euro.