BAU Munich, arkitektura eta eraikuntza-materialen azoka

Izaskun Beunza Azazeta 2017ko urt. 27a, 08:08

kolaboratzaileak

BAU izenaz ezagutzen da, Munichen, urtarrilean eta bi urtetik behin ospatzen den Arkitektura eta eraikuntza-materialen azoka. Europako eraikuntzaren industrian erreferentzia da, sektorean dagoen gertakari garrantzitsuena. Nazioarte mailan eraikuntza enpresa nagusiek azken bi urteetako produktu, material eta sistema berriak aurkezten dituzte bertan.

Aurtengo edizioa urtarrilaren 14tik 19ra bitartean izan da eta 23.500 bisitari inguru izan ditu. Azken bi urteetako eraikuntza munduko nobedadeak ezagutzeaz gainera, egungo arkitekturaren bilakaeran nagusi diren gaien inguruko ekitaldi ugaritan parte hartzeko aukera izan du bisitariak.
Nazioarteko erakusketariek komertzioaren itxura eta diseinua eraberritzeko material berri, etxebizitza proiektuak garatzeko teknologia eta sistema iraultzaile, edota industri eraikinen barne diseinurako punta-puntako teknikekin, 18.000 metro koadro baino gehiago bete dituzte. Europako eraikuntzaren industrian teknologia aurreratuenaren egoera eta joera erakusten da, eta hurrengo bi urteetarako sektorearen garapenerako ardatzak finkatzen dira.

Aurtengo edizioak arreta berezia jarri du jasangarritasunaren inguruan egindako azken aurrerapenetan, eraginkortasun energetikoa eta diseinu aukera berri eta berritzaileen beharra nabarmenduz.
Erakusketa eremuen artean interes gehiena piztu duena BAU IT eremua izan da, non eraikinen diseinurako software berritzaileen aurkezpena egin den. Orain arte mundu mailan egindako eraikuntza software berrikusterik handiena izan da. Erakusketariek etorkizuneko eraikin modelatuen azken joera eskaini dute. Programa berri hauekin modelatzeaz gainera, eraikinaren planifikazioa, fakturazioa, gestioa eta kontrola egin ahal izango da.
BAU-a bi urtez behin antolatzen da, eta beraz ziur aski 2019. urteko urtarrilean gauzatuko da Munichen hurrengo edizioa.