Pertsona guztiek gizarteratzeko eskubidea dute

Sakanako Gizarte Zerbitzuak 2017ko urt. 27a, 08:11

kolaboratzaileak

Pasa den azaroaren 18an Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 223. alean argitaratu zen  15/2016 FORU LEGEA, azaroaren 11koa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

Bertan argi geratzen da pertsona guztien gizarteratze eskubidea Nafarroako Gobernuak bermatu behar duela, izan ere, lege honen berrikuntza nabarmenena horretan datza: bi aukera zabaltzen ditu. Alde batetik, edozein pertsonak gizarteratzeko prozesu bat aurrera eramateko eskubidea dauka eta beste aldetik, gizarteratzeko prozesua hasteaz gain, diru sarrera bat bermatu beharra baldin badu eta baldintzak betetzen baditu Bermatutako Errenta jasotzeko ere bai.

Legearen beste berrikuntzen artean ondorengoak aipatu nahiko genituzke: 18 eta 24 urte bitartekoek errenta bermaturako eskubidea izango dute, betiere eskatu baino bi urte lehenago bere gurasoen etxetik kanpo bizi izan bada. Hau frogatzeko eskatzen da urte beteko Gizarte Segurantzako altan egon izatea (nahiz eta urte hau jarraian ez izan).

Nafarroan 2 urteko erroldatzea eskatzen da eta hori ziurtatzeko erroldatze agiria erabiliko da. Eta agiri horrek ere balioko du zehazteko zein den familia unitatea, hau da, konbibentzia agirian agertzen direnak. Beraz, bizi zaren tokian erroldatuta egotea ezinbestekoa izango da.

Enplegurako bultzatzaileak ere aipatzen dira, aurreko Gizarteratzeko Errentan ez zeudenak. Neurri hauekin lortu nahi dena da Bermatutako Errenta jasotzen ari den bati lanean hasteko ziurtasun ekonomiko bat izatea eta horretarako kontuan hartzen da lana zenbat denborarako izango den eta soldata ere nolakoa izango den.

Etxebizitza batean familia unitate bat baino gehiago bizi badira, unitate bakoitzak bere Bermatutako Errenta jasotzeko eskubidea izango du, beti ere baldintzak betetzen baditu.

Familia unitate bateko partaideak, lanerako adina edota baldintzetan baldin badago, NafarLansaren altan egon beharko lukete eta eskaintzen zaien lanetara agertu beharko lirateke betiere jasotzailearen egoerarako egokia bada.