Berriz ere jubilatuen pentsioak guztion ahotan dabiltza azkeneko denboraldi honetan eta, zoritxarrez, ez gorakada nabarmena izan dutelako. Aurreko urteetako igoera ziztrinarekin oso murritzak gelditu dira, %0,25 igotzeak ezer gutxi suposatzen du. Gobernuak irizpide honen arabera igotzeko erabakia hartu zuenean, aurreikusten genuena gertatzen ari da. Kontsumoko prezioen indizeak gora egin ahala, pentsioen erosteko ahalmenak nabarmen behera egin du. Honek esan nahi du urtetik urtera gutxiago kobratzen dugula, gero eta luzeagoa egiten zaigula hilabetea.
Beste alde batetik Pentsioen Sistema Publikoarekiko kezkak eta zalantzak sorrarazteko ahaleginetan dabiltza, Sistema Publikoari ukatzen dizkioten gaitasun eta ziurtasuna, Banku eta Aseguru-etxeei onartu eta eman nahi dizkiete. Hauek dira arazo honen atzean ezkutaturik dauden basapiztiak, harrapakin erakargarria dute aurrean, urtean zehar Gizarte-Segurantzak kotizazioaren bidez jasotzen dituen 110.000 milioien jabe egiteko aukera, ez da hozkada makala! Aspaldi ikusi zuten hauek paregabeko aukera hau, eta batez ere krisi garaian erabiltzen dituzte baliabide guztiak, guri beldurra sartu eta pentsio pribatuetara bideratzeko.
Egoera hau PPren Gobernuak sortu du, botere finantzieroen interesak, bankuen zorrak, enpresa talde batzuen presioak, ongizate sozialaren aurretik ezarri ditu. Pentsioen Sistema Publikoaren diru sarrerak bermatzeko erabakirik ez du hartzen, alderantziz, diru sarrera horiek mozten ari dira: langabezia, prekaritatea, soldaten jaitsiera, kotizazio salbuespenak, pentsioen kutxako diruaren iruzurrezko erabilpena. Hau dena isildu eta zer esaten digute guri? Jubilatuen kopurua kotizatzen duten langileena baino haundiagoa dela eta dirurik gabe gelditzen ari direla.
Mezu hau gezurra da, pentsioek, kotizazioen bidez aurrezten den dirutik ordaindu behar direla sinestarazi digute eta hori ez da egia. Erregeetxeak, Elizak, Militarrak, Poliziak zergatik ez dituzte mehatxatzen beraiei ordaintzeko dirurik ez dagoela esanez? Estatuak egiten dituen aurrekontuetatik ordaintzen dietelako eta horiendako ez dago murrizketarik. Ba guk gauza bera eskatzen dugu. Aurrekontuetan sar dezatela jubilatuok bizi duin bat izateko behar dugun diru kopurua, hori da diru banaketa justu bat egiteko aukerarik hoberena, eta hori da jubilatuok aldarrikatu behar duguna.