Irristaketa denboraldia abian

Guaixe 2017ko urt. 27a, 11:23

Olaztik Nafarroako indoor proba bat hartuko du otsailaren 18an

Asteburu honetan hasiko da 2017ko Nafarroako irristaketa denboraldia. Sakana Irristaketa Taldeak 25 irristatzailerekin hartuko du parte, horietatik 14 emakumezkoak.

Aurreko urtean 2016an 34 irristalari lehiatu ziren Sakana Irristaketa Taldearekin. Sakana taldeko bi irristalarik hartu zuten parte Nafarroako eta Espainiako Txapelketetan, eta bi titulu lortu zituzten, Nafarroako Txapelketako txapeldunordetza bat eta Espainiako Txapelketako hirugarren postu bat. Bestalde, Nafarroako Ligan, adin txikikoan, Sakana taldeko 32 irristalari aritu ziren eta emaitzak politak izan ziren: gizonezkoen mini mailan eta emakumezkoen benjamin mailan txapeldunak izan ziren Sakana taldekoak eta emakumezkoen mini mailan, gizonezkoen benjamin mailan, haurren mailan eta kimuetan primerako emaitzak izan zituzten. Aurten Sakana taldeko irristalari gehiagok izango dute Espainiako eta Nafarroako Txapelketetan parte hartzeko aukera.  

Irristaketako araudizko pista sortzea, helburu
Behar bezala entrenatzeko instalazio egokien falta da aipatu beharreko kontua. Aurten, Sakana taldeko irristalari batzuek Iruñeko taldeetara jo dute, irristaketan aritzeko instalazio hobeak dituztelako eta kirol mailan handitu nahi dutelako. “2017rako gure helburuen artean Sakanan irristaketarako araudizko pista bat sortzea da, hemen baldintza egokietan entrenatu ahal izateko. Eta, bestetik, Sakanan maila altuko kirol probak antolatu nahi ditugu. Honekin guztiarekin gure haurrak Iruñeko beste talde batera joan behar izate hori ekidin nahi dugu, gure klubean geratu daitezen” azaldu dute Sakanako Irristaketa Taldetik.

Nafarroako indoor proba Olaztin, otsailaren 18an
Otsailaren 18an Nafarroako Irristaketa Indoor Txapelketako proba bat hartuko du Olaztiko Erburua kiroldegiak. Bertan Sakana taldekoak ere lehiatuko dira eta Nafarroako ehundaka irristalari espero dira. “Baliabide eskasak ditugu, baina, hala ere, gure oinarrizko helburuen artean irristaketa sustatzea eta gure inguruan irristaketak garrantzia hartzea da. Horretarako, aurten bi lasterketa antolatuko ditugu Sakanan. Otsailaren 18an Olaztiko Erburua kiroldegiak Nafarroako ligan puntuagarria izango den indoor irristaketa proba hartuko du eta irailaren 16an, Altsasun, Sakana mailan egingo den lehendabiziko irristaketa trofeoa antolatuko dugu” azaldu dute Sakana Irristaketa Taldetik.