D eredua, formula borobila!

Guaixe 2017ko urt. 26a, 18:25

Euskara, ingelesa eta gaztelania eskaintzen duen ereduan, D ereduan matrikulatzeko  deia egin du Sakanako Mankomunitateak.

Nafarroako makina bat toki entitatek D eredua, formula biribila! dela diote. D ereduaren aldeko kanpaina abiatu dute. Izan ere, heldu den ikasturtean lehen aldiz eskolatuko diren haurren aurrematrikulazioa egiteko epea otsailaren 13tik 17ra egonen da zabalik eta haurren gurasoei euskarazko irakaskuntzaren, D ereduaren, onurak ikusarazi nahi izan dizkiete kanpainaren bidez.

D ereduaren egokitasuna azaltzeko formula osatzen duten elementuak azaldu dituzte ere. Batetik, kalitatea dago. “Fidatu heziketarako proiektu ezin hobean. Esperientziaren eta urteetan lortutako emaitza onen bermearekin”. Bestetik, baloreak. “Seme-alabek ingurune anitz eta bateratzailean ikasiko dute, non elkarrizketa, begirunea eta balore positiboak sustatzen diren. Gainera, hurbileko komunitate dinamiko batek behar duten laguntza eta sostengua emanen die gurasoei”. Hiru hizkuntzetako eskolatzea da formula borobil horren beste elementu bat, “inguru globalizatu batean bizi beharko diren ikasleen hezkuntzarako eta lanerako aukerak biderkatuz. Beste kultura batzuk ulertzeko eta etorkizuna aukeratzeko askatasun gehiago”. Formulako elementuen zerrendarekin segituz berrikuntza bikoitza dago: “bai metodologikoa baita pedagogikoa ere. Hizkuntzak irakasten aitzindaria den hezkuntza-eskaintza. Etengabe aztertzen eta hobetzen den erabateko hezkuntza”. Formulako azken elementua, eskarmentua da: “euskarazko hezkuntzaren 35 urtetako esperientzia zuen seme-alaben zerbitzura. Ibilbide luzea emaitzarik onena bere ikaslerian duen hezkuntza-proiektuarendako”. z

Kanpainaz
24 udal eta mankomunitate dira, tartean Sakanakoa. D ereduaren aldeko mezua zabaltzeko bideoa, kartelak eta esku-orriak. Azken horiek hiru urte beteko dituzten haurren familiei etxera igorriko dizkiete, gutun informatiboarekin batera.

%84,3
Ikasturte honetan Sakanan haur hezkuntzan matrikulatutako haurren kopurua.