Euskal Herriko mus txapelketako kanporaketak jokatuko dira

Guaixe 2017ko ots. 3a, 13:13

Bederatzigarren aldiz jokatzen da mus txapelketa euskal zazpi lurraldeetan. Herriz herriko kanporaketetatik Nafarroako finalerako txartelak banatzen ari dira ilbeltza hasieratik eta hala eginen dute bihar ibarreko bi herrietan. Irurtzungo kanporaketa Pikuxar euskal txokoan jokatuko da, 16:30etik aurrera. Altsasun, berriz, Zubiondo elkartean jokatuko da, 16:00etatik aurrera, eta Alde Zaharreko tabernarien elkarteak, Xurrutek, babestuta. Izena eman nahi duen bikote bakoitzak 20 euro ordaindu behar ditu.

Nafarroako finala hilaren 25ean jokatuko da. Horrako sailkapena lortu zuten Pablo Jauregi-Iñaki Goikoetxea eta Xabat Goikoetxea-Julen Ijurra bikote etxarriarrek. Karrikestu elkartean musean aritu ziren 13 bikoteren artetik onenak haiek izan ziren ilbeltzaren 24an. Uharte Arakilen, Lakuntzan eta Arbizun ere jokatu dira kanporaketak.