Santa Agedari kantari

Guaixe 2017ko otsailaren 3a

Igandean da Santa Ageda eguna. Ohiko kantu eskeak bezperan, bihar izanen dira.

Irurtzungo euskaltzaleen topagunea, Aizpea, arduratzen da Santa Ageda koplak kantatzera ateratzeko deialdia egiteaz. Bihar, 18:30ean, plazatik abiatuko dira. Irañetan Santa Agedarekin batera inauteriak ospatzen dituztenez, gaur aterako dira koplak kantatzera. 18:30ean elkartuko dira Txapel Azpi elkartean. Baserritarrez jantzita joateko deia egin dute. Lakuntzan, bihar, 17:00etan jarri dute hitzordua, eta kantuaren erritmoa eramateko makilak eramateko gaztigatu dute. Herrian barna kantu-eskean ibiliko dira eta jasotakoarekin, akaberan, kultur etxean merendua eginen dute. Arbizun larunbatean aterako dira herria kantuz alaitzera. 18:00etan izanen da, plazatik abiatuta. Eta makila ez ahazteko deia egin dute.

Etxarri Aranazko musika eskolako ikasleak eta abesbatzako kideek ahotsak elkartuko dituzte Santa Ageda bezperan. 18:00etan plazan elkartu eta herrian barna kantari ariko dira. Akaberan txokolate-jana izanen da. Iturmendin 19:30ean elkartuko dira bihar. Plazatik abiatuko dute kantu-eskea. Baserritarrez jantzita joateko gonbidapena egin dute gazte asanbladakoek. Altsasun musika eskolatik abiatu eta herrian barna kantari ariko dira aipatu eskolako abesbatzako kideak. Fanfarrearen laguntza izanen dute. 12:30ean abiatuko dira Santa Ageda koplak kantatzera.