Album ilustratuak sortzen ikasteko bigarren lantegi bat

Guaixe 2017ko ots. 6a, 13:02

Larunbateko goizeko txanda bete ondoren, arratsalderako beste bat eskaini du Mank-ek. Ostiraleko 20:00ak arte eman daiteke izena.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, estreinakoz, helduek album ilustratuak sortzen ikasteko lantegia antolatu zuen. Larunbatean izanen da, goizez. Deialdiak erantzun ona izan du eta taldea osatu da, goizekoa (10:30etik 13:30era). Hori ikusita Mank-ek arratsalderako beste txanda bat eskaini du, 15:30etik 18:30era. Arbizuko liburutegian izanen dira bi lantegiak. Bai goizez bai arratsaldez Yolanda Arrieta idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea izanen dira irakasleak. Mank-ek Arbizuko Udalaren laguntzaz antolatutako lantegia. Ibarreko erakundeak Nafarroako beste euskara zerbitzu batzuekin antolatutako Etxepare Saria egitasmoaren barruan daude album ilustratuen lantegiak. Orain arte soilik haurrei zuzenduta egin dira. 



Izen ematea

Otsailaren 10eko 20:00etara arte, 948 017 777 edo liburutegia@arbizu.eus



Bi sortzaileak

Yolanda Arrieta idazketa sortzailearen inguruko tailerrak gidatzearekin batera, zenbait liburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturan zein helduenean. Aurten haur eta gazte literaturako Euskadi saria irabazi du. www.nitikgura.com gunean jarrai daiteke bere ibilbidea.



Aitziber Alonso, berriz, Arte Ederrak ikasi zituen eta urtetan Artelekun eta Galtzagorrin aritu da bera lanak egiten, besteak beste, irakurketa aretoendako eszenografiak sortzen. Egun ilustraziora dedikatzen da eta bere lan batzuk www.aitziberalonsoilustracion.blogspot.com blogan aurki daitezke.