Nafar Lansarek profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko 16 ikastaro antolatu ditu lehen sei hilabeterako. Horretarako, enpresek dituzten premiak aztertu ditu aurretik Nafarroako Enplegu Zerbitzuak. Horiek Hezkuntza Departamentuaren ikastetxeetan emanen dira. Sakana Lanbide Heziketa institutuan elektrizitatearekin eta elektronikarekin zerikusia duen ikastaroa izanen da: industria-automatizazio sistemen muntaia eta mantentzea.
Ikastaroa martxoaren 6an hasi eta garagarrilaren 27an despedituko da. 15:00etatik 20:15era izanen dira klaseak. 390 ordu guztira. Izena eman nahi dutenek honako baldintzak bete beharko dituzte, besteak beste: DBH edo BBBko 2. mailako ikasketak izan beharko dituzte, eta gehienez ere gainditu gabeko bi materiarekin; LH I; Oinarrizko Lanbide Titulua; Gradu Ertaineko Ziklorako sarrera proba gaindituta; unibertsitaterako sarbide proba gaindituta (25 edo 45 urte). Altsasuko enplegu bulegoan eta Nafarroako Gobernuaren www.empleo.navarra.es web orrian ikastaro bakoitzari buruzko informazioa dago.