Sakandarrek ekin diote Pistako Espainiako Kopari

Guaixe 2017ko ots. 9a, 12:27

Galapagarren Bakarne Gonzalez hirugarrena sailkatu zen, Hodei Zia eta Josu Etxeberria seigarrenak eta Mateo Gonzalezek eta Joana Irastorzak ez zuten punturik bildu

Asteburuan hasi zen, Madrilen, 2017ko Pistako Espainiako Kopa. Aipatu kopak hiru jardunaldi izanen ditu eta Galapagarrek lehendabizikoa hartu zuen, larunbatean. Bertan lehiatu diren txirrindulariek lan polita egin dute.

Esaterako, junior mailako abiadura mailan, Alfred Ignasi Bonastre (Katalunya) izan zen onena (30 puntu), keirin, abiadura eta 200 metroko probetan egindako puntuak batu eta gero. Burunda klubeko Hodei Zia (Nafarroa) seigarrena dago (6 puntu). Keirin proban parte hartu zuen Ziak. Junior mailako iraupen txirrindula kategorian, aldiz, Unai Iribar (Euskadi) gailendu zen, 32 punturekin, scrach, puntuazio eta kanporaketa probatan egindako puntuak bilduta. Aralar klubeko Josu Etxeberria iturmendiarra (Nafarroa) seigarrena sailkatu zen (7 puntu). Soilik puntuazio proban aritu zen Etxeberria eta laugarrena sailkatu zen bertan, 7 puntu eskuratuz. Burunda klubeko Mateo Gonzalezek ez zuen punturik biltzea lortu.

Emakumezkoen junior mailako abiadura kategorian Bakarne Gonzalez altsasuarrak (Nafarroa) primerako lana egin zuen eta hirugarrena dago kopako sailkapenean, 26 punturekin. 200 metroko proban 7 puntu bildu zituen Bakarnek, keirinean irabazi zuen, 12 puntu lortuz, eta abiadura proban 7 puntu bildu zituen. Sofia Barriguete madrildar txapeldunetik (30 puntu) 4 puntura dago altsasuarra. Eta kadeteen mailan, CAF Turnkey Eng. taldearekin lehiatu zen Joana Irastorza etxarriarrak ez zuen punturik bildu.  

Espainiako Kopako bigarren jardunaldia Tafallan jokatuko da, martxoaren 10ean eta 11n eta hirugarrena Donostian, martxoaren31n eta apirilaren 1ean.