Heldu den astean abiatuko du Udalbiltza Partzuergoak Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesua, “egungo egoera politikora egokitzeko”. Euskal Herriko hautetsiekin eta herritarrekin bilerak eginen dira. Sakanako hautetsiak elkartuko dituena izanen da horietako bat. Etxarri Aranatzen, asteartean, 19:00etan izanen da.
Baina gogoeta prozesu horren atariko, larunbatean, Arbizuko Olatzea hotelean elkartu ziren Udalbiltzako garai bateko eta egungo arduradun eta hautetsiak. Erakundearen sorreratik hasita gaur arteko ibilbidea errepasatu zuten eta erakunde publikoaren diagnosiaz ere aritu ziren. Udalbiltzako arduradun historikoen artean, besteak beste, izan ziren: Loren Arkotxa (Ondarru) Udalbiltzako lehen lehendakaria eta horregatik espetxeratua, Xabier Alegria (Lezo), Pablo Gorostiaga (Laudio), Expe Iriarte (Iruñea). Egungo lehendakari Luis Intxauspe han izan zen, baita Arbizuko eta Etxarri Aranazko zinegotzi diren Miren Mendinueta eta Aritz Ikobaltzeta ere.