Sakanako elurraren eguna antolatu dute

Guaixe 2017ko ots. 9a, 14:19

Urbasan izango da, elurra dagoenean Mankomunitateak zehaztuko duen egunean. Ipar eskia eta elur-erraketen ibilbideak egiteko aukera, musherren erakustaldia eta nork bere kabuz egiteko jarduerak izango dira. Elurbusa ere antolatuko du Mank-ek. Interesatuek aurretik konpromisorik gabeko izena ematea egiteko aukera izango dute

Elurra egiten duenean Urbasara joateko gonbitea egin du Sakanako Mankomunitateak. Izan ere, Mank-ek Sakanako Elurraren Eguna antolatuko du, elurra dagoenean zehaztuko duten egunean. Elurraren eguna prestatzeko, honako talde eta entitateen laguntza izango du Mank-ek: Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak, Altsasuko Mendigoizaleak, Navarmushing Txakur Lera Kluba, Sakanako Garapen Agentzia eta Nafarroako Gobernua. Ekimena aurreko astean aurkeztu zuten. Bertan izan ziren Amaia Gerrikagoitia Mank-eko kirol teknikaria, Patxi Saez de Lazkano Nafarroako Gobernuko turismo teknikaria, Gorka Garcia Urbasa Andia Ipar Eski Lagunak taldeko kidea, Paki Urbitarte Sakana Garapen Agentziako turismo teknikaria, Navarmushing Txakur Lera Klubeko Jorge Ibañez eta Bidelagun turismo elkarteko Fernando Etxauri, Unanuko Edronekoa landetxeko nagusia, eta Amaia Erdozia Bakaikuko Angoiko etxea landetxeko arduraduna.

Aurrekariak
Atzera eginez, Mankomunitatetik elurra egiten zuenean urtero ipar eski zeharkaldia antolatzen zuten, Andiatik Urbasara. Bere aldetik, elurra egiten zuen bezain pronto Urbasa Andia Ipar Eski Lagunak taldeko kideek elurrarengatik itxita zegoen Otxoportilloko bidea makinekin zapaldu egiten zuten, bertatik ipar eskian aritzeko. Elkarlanean hasi ziren eta, horrela, aurreko urtean Elurbusa antolatu zuen Mank-ek, elurrarekin Urbasan aparkatzeko arazoa baitzegoen eta jendeari erraztasunak emateko. “Pentsatu genuen, zergatik eskia egiteko bakarrik? Goazen eskaintza zabaltzera: raketekin ibilbideak, elurretako leran edo trineoan aritzea, paseoak, argazkiak ateratzeko… elurraz gozatzera Urbasara igo nahi dutenendako, goazen erraztasunak ematera. Eta Elurbusa antolatu genuen iaz. Eta aurten, beste pausu bat eman dugu eta eskaintza zabaldu dugu” azaldu zuen Gerrikagoitiak.

Ipar eskia, elur-erraketak, musherrak, argazkiak, paseoak, trineoak eta elurbusa
Horrela, elurra egiten duenean zehaztuko den egun batean Sakanako Elurraren Eguna antolatuko dute Urbasan. Urbasa Andia Ipar Eski Lagunak taldekoek, elurra egiten duen guztietan bezala, eskiatzeko pista prest izanen dute Otxoportillon eta pista gehiago prestatuko dituzte. Eskiatzeaz gain, raketekin ibilbideak eta oinezko ibilbideak egiteko aukera egonen da, Altsasuko Mendigoizaleak taldeko eta Miruako Dani prest baitaude ibilbide batzuk erakusteko eta, bestalde, musher erakustaldia egingo da, lera txakurrekin. Eta, jakina, nor bere kabuz joan daiteke argazkiak ateratzea, paseatzera, leran ibiltzea edo dena delakora. Elurbusak igo eta jaitsi egingo ditu egunean izena ematen dutenak, bizpahiru bidaia egingo baititu gora eta behera.

Helburuak
Sakanako Elurraren Egunarekin aisia eta kirola bulkatu nahi dira, jarduera alternatibo batekin. “Gure naturguneak bulkatu eta errespetatu nahi ditugu eta elurra dagoenean ere gure eskualdea turistikoki bulkatu nahi dugu, zerbitzu erakargarriak eskainiz, sakandarrendako eta bisitariendako. Bestetik, elurra egiten duenean Urbasan aparkatzeko arazoa ekidin nahi dugu” azaldu zuen Gerrikagoitiak.

Eskiatzeko prestatutako pistak errespetatzeko deia
Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldeko Gorka Garciak azaldu zuenez, 7 urte daramatzate Urbasako Otxoportillon ipar eskia egitea ahalbideratzen. “2010ean eman ziguten baimena. Urbasa Andia Natur Parketik konfirmatu ziguten elurra edo izotza egiten duenean Otxoportilloko errepidea trafikoari itxita geratzen dela. Horrela, pista horretako elurra zapatu eta bertan ipar eski pista prestatzeko aukera ikusi genuen. Elurra zapatzeko makinak prestatu genituen eta, ordutik, Nafarroako Gobernuaren baimena eskuetan, nahi duen orok eskiatu ahal izateko pista prestatzen dugu” azaldu zuen Garciak. Tamalez, ibilgailu edo todoterreno batzuk bertatik ez zirkulatzeko debekua ez dutela errespetatzen gaineratu zuen. “Batzuek ez dituzte ibiltzeko seinaleak errespetatzen, pistan sartzen dira eta guk egindako lana zapuzten dute, modu oso txarretan, gainera, ondoren ezin baita bertatik eskiatu edo musherrik sartu. Horregatik jendeari eskatzen diogu seinaleak errespetatu ditzala, elurra dagoenean Otxoportillotik ezin dela autoz ibili” nabarmendu zuten. Halaber, mugarriak errespetatzeko deialdia egin zuen, “ibilbideak, bidegurutzeak eta beste markatzen dutelako, elurra egiten duenean are garrantzitsuago”.

Eski ibilbideak
Gorka Garciak aipatu zuenez, Otxoportillotik Eskizako saroira bitarteko 5 km-ko pista prestatzen dute makinekin, eskiatu edo lera txakurrekin ibili ahal izateko. “Ipar eskian eta skatingean aritzeko primerako pista da” azpimarratu zuen. Pista edo senda nagusi horri lotuta, bi ibilbide zirkular prestatu dituzte, gune batean bat egiten dutenak. “Zortzi bat osatzen dute, 8 deitzen diogu. Senda nagusitik doaz, baina paraleloki ateratzen dira eta ondoren sendarekin bat egiten dute edo, bestela, bigarren eraztunarekin, Eskizako sendako perimetroan. Horrela, uneoro senda nagusitik ibili nahi dutenek horrela egin dezakete, eta atera nahi dutenek, aukera dute. Gainera, hainbat puntutan senda nagusira itzuli daiteke. Lehen eraztunaren ibilbidea 11 km-koa da, joan eta etorri, eta bigarrena 15 km-koa” azaldu zuen. Garciak gaineratu zuen ipar eskian esperientzia gehiago dutenek hasi berriak direnei beharrezko azalpen guztiak emango dizkietela.

Elur-erraketen ibilbideak
Bestalde, erraketekin egiteko ibilbidea prestatu dute. Ibilbide honek  Otxoportilloko senda nagusia puntu batean gurutzatzen du. Erraketekin edozein tokitik ibili daiteke, baina ibilbide zehatz batzuk markatu dituzte, askotan jendeak ez dakielako nondik ibili. “Lehen ibilbidea 3 km eta erdikoa, joan etorrian, bigarrena 7 km-koa, joan etorrian eta hirugarrena 11 km-koa, joan eta etorri. Martxa hauetan parte hartu nahi dutenek Sakanako Mendigoizaleak taldeko kideez lagunduta egin ahalko dute bidea. Eta norbaitek monitore bat kontratatu nahi badu, erraketekin ibiltzen ikasteko, Miruako Dani prest dago.

Bestalde, Navarmushing Txakur Lera Klubeko Jorge Ibañezek aipatu zuen Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldearekin 2010etik ari direla elkar lanean, eskiatu eta lera txakurrekin ibili ahal izateko pista prestatzeko. Halaber, gaineratu zuen Urbasa-Andia natur parkea dela, zortea dugula gertu dugulako eta elurra egiten duenean bertatik ibiltzea gozamena dela. Ibilgailuei pistetatik ibiltzeko debekua errespetatzeko deia egin zien. “Batzuetan tentsio uneak bizi izan dira, ibilgailuak sartu eta eskiatzaileekin topo egiterakoan. Norbaitek ibilgailuren bat ikusten badu, 112ra deitu eta todoterrenoen arrastoen argazkiak egin ditzatela, guri helarazteko” gaineratu zuen.

Urbasa, “paradisua”
Gorka Garciak Urbasa ipar eskirako “paradisua” dela goraipatu zuen. “Urbasan ezin da trabesiako eskia egin, baina ipar eskirako aparteko orografia du Urbasak. Ipar eskia mendi ertaineko praktika da, horregatik Urbasa paregabea da, Pirinioak baino askoz hobe, Pirinioak oso alpinoak direlako, malda handikoak. Ipar eskia probatzera animatzen zaituztegu, hitzekin ezin baita azaldu zeinen zoragarria den. Gorputza osoa lantzen da eta kirol osoa da”.

Turismorako oso interesgarria
Sakana Garapen Agentziako turismo teknikari Paki Urbitartek oso positibotzat jo zuen Sakanako Elurraren Eguna. “Ekimen interesgarria da, Sakanara datozen turistendako eta sakandarrendako ere zerbitzu osagarri bat eskaintzen duelako. Alojamendu eta landetxeendako ere eskaintza osagarria da” nabarmendu zuen. Iritzi berekoak ziren Bidelagun turismo elkarteko Fernando Etxauri eta Amaia Erdozia. “Halako ekimenak eta aktibitateak egin eta antolatzen dituzten taldeak egotea asko baloratzen dugu. Elurra egongo dela ziurtatzea zaila da guretzat, baina elurra dagoenean Urbasan eskia egin daitekeela iragartzea positiboa da” nabarmendu zuten.

Ideia oso interesgarria ere iruditzen zaie Nafarroako Gobernuko turismo teknikariei. “Ingurugiro Departamentutik eta Urbasa-Andia Natur Parketik baimen guztiak daude eski pistak prestatzeko. Sakanako Elurraren eguna antolatzea positiboa da, orain arte egindakoari beste balore bat eransten diolako eta ekimena turistei ere irekitzen zaielako. Urbasan elurra egiten duenean eskiatzeko aukera badagoela bermatzea garrantzitsua da, eta Sakanako Elurraren Eguna noiz izanen den erabakitzen denean Gobernuak bere sarea aprobetxatuko du egunaren iragarpena egiteko eta jendeari igande horretan Urbasara gerturatzea animatzeko, Elurbusarekin, bertako baliabide turistikoez aprobetxatzeko” aipatu zuen Patxi Saez de Lazkanok.

Sakanako Elurraren Egunerako aurre izena ematea, zabalik
Sakanako Elurraren Egunerako interesa dutenek Sakanako Mankomunitatera hots egin behar dute (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus) eta konpromisorik gabeko aurre izena eman. Mank-en datuak hartuko dituzte eta eguna, autobus ordutegiak eta beste dakizkitenean pertsona hauei helaraziko zaizkie eta orduan egingo da behin betiko izena ematea. “Normalean astearte-asteazkenerako jakingo dugu igande horretan elurra egoki egongo den ala ez. Eta orduan abisatuko dugu” azaldu du Gerrikagoitiak.

Materiala, alokatzeko
Tolosako Ahargi mendi elkarteak (943 675 612) denetatik alokatzen du: ipar eskiak, elur-erraketak, eskalatzekoak… eta Iruñeko Basati Kirolak dendan (948 212 345) erraketak alokatzen dituzte.