Trenbidean hirugarren erraila jartzea eta trenbidea bikoiztea, aztergai

Guaixe 2017ko ots. 9a, 16:29

Manu Aierdi eta Iñigo de la Serna.

Manu Aierdi lehendakari-ordeak eta Iñigo de la Serna Espainiako sustapen ministroa batzartu ziren joan den asteartean, ilbeltzaren 31n. Hizketagai izan zituztenen artean Zaragoza eta Euskal Y grekoaren arteko Nafarroan barnako trenbide korridorea izan zen. Ministroak jakinarazi duenez, ahalik eta azkarren ikerketa egiteko eskatu du: egun dagoen tren azpiegiturak eskaintzen dituen aukerak aztertu eta, inbertsio txikien bidez, bidaia denborak hobetzeko; eta bidaiari eta merkantzien premiak asetzeko.

Iruñea eta Euskal Y-aren arteko loturaren ikerketa horretaz aparte nazioarteko trenbide zabalera jartzeko aukera ere aztertuko dute, hirugarren erraila jarrita merkantziak Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugatik harago trena aldatu gabe eraman ahal izateko. Aldi berean, Iruñea eta Altsasu arteko gaur egungo plataforman trenbidea bikoizteko aukera dagoen aztertuko da. Altsasu eta Euskal Y-aren artean bi trenbide daude.

Aierdik nazioarteko estandarrak dituen bidaiariendako eta merkantziendako trenbidea defendatu du. Diario de Noticias egunkariari egindako adierazpenetan lehendakariordeak jakinarazi du Nafarroa eta Euskal Y delakoa lotzeko Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroak eta Espainiak 2011n sinatutako elkarlan protokoloa oso geldi dagoela. Trenbide plataforma berria aurreikusten zen orduan. Aierdik esan duenez, “zati horretan behin betiko konponbideak tramitazio motela eta luzea eskatzen du. Horregatik, ikerketa azkarrera jo dugu, egungo azpiegiturak zer aukera eskaintzen dizkigun jakiteko”. Plataforma berria egin gabe, trenbidea bikoizteak tren pasa maiztasun eta gaitasun handiagoa ekarriko lukeela gaineratu du Aierdik.