43. Nafarroako Bertsolari Txapelketa otsailaren 18an Tafallan hasi eta apirilaren 8an Iruñean despedituko da, Anaitasuna kiroldegian. Sekula baino bertsolari gehiagok eman dute izena txapelketarako, 35 eta 30 izanen dira final-laurdenetan ariko direnak. Sakanarrak hiru dira: Oier Lakuntza urdindarra eta Eneko Lazkoz eta Saats Karasatorre etxarriarrak. Azken hori estreinakoz lehiatuko da txapelketan, abenduan jokatutako kanporaketa irabazi eta gero. Aurreko txapelketan aritu ziren Josema Leitza arbizuarra eta Joseba Beltza etxarriarra aurten ez dira lehiatuko. Baina, Beltza epaile gisa ariko da, beste sei kiderekin batera. Bestalde, Maider Ansa gai-jartzaileen taldean dago.
Txapelketak saio bakarra izanen du Sakanan, Lakuntzako kultur etxean otsailaren 26an jokatuko dena. Hirugarren final laurdena izanen da, eta sei bertsolari ariko dira kantuan, haietako bi sakandarrak: Aimar Karrika, Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi, Egoitz Gorosterrazu, Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza. Iruritan martxoaren 4an jokatuko den final-erdian, laugarrenean, ariko da bertsotan Saats Karasatorre. Oholtzan lagun izanen ditu Oskar Estanga, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien, Josu Sanjurjo eta Ekaitz Astiz.
Finalaurrekoetarako 18 bertsolari sailkatuko dira. Hiru saio jokatuko dira. Bakoitzeko onena eta puntuazio onena duten bost bertsolariak sailkatuko dira finalerako. Finaleko lehen bost sailkatuak lau urtean behin jokatzen den eta aurten udazkenean den Bertsolari Txapelketa Nagusian ariko dira.
Helburuak
Nafarroako Bertsozale Elkarteak txapelketa antolatzean lau helburu lortu nahi ditu. Alde batetik, zaletasuna dagoen tokietan bertsolaritza sustatzea eta horren zaletasuna handia ez dagoen inguruetan ezagutaraztea. Bestetik, txapelketako erakusleihoa baliatuz, Nafarroako bertsolariak motibatu eta ezagutaraztea. Horiekin batera, txapelketak bertsolaritzaren alde lanean ari diren guztien elkargune izan nahi du. Azkenik, txapelketaren bidez bertsolaritzak Nafarroan duen prestigioa handitu nahi du elkarteak, kultur jarduera gisa gizarte osoari ezagutaraztea.
80 pertsona
Horien elkarlanaren fruitua da txapelketa eta urteko gainerako egitasmoak.
www.bertsosarrerak.eus
Saio guztietako sarrerak aurrez Internetez eros daitezke.