Ez nuen sekula pentsatuko tamaina honetako basakeriarik ikustera iritsiko nintzenik.
Tamalez, eta bigarrengoz, errealitateak fikzioa gainditu du, Greziako “errefuxiatuen kanpamenduetan”. Babes bila abiatu eta honakoa aurkitu: Zergatik ia ez dago inor kanpoetan? Ez militarrik, ez GKErik ia ia, ez boluntariorik kasik…
Zergatik urruntzen dira denak, han hilabeteak itxoiten daramatenak izan ezik? Gizon, emakume, haur…berdin du.
Zeri itxoin? Erantzuna? ISILTASUNA.Segundoak bukaezinak bihurtzen dituen isiltasun zartatzailea. Munduak berak utziak daude, bizitzaren suertera kondenaturik; noraezean. Irrifar iheskorrak haien ezpainetan, egoera sufriezinean. Begirada galduak, lapurturiko itxaropenak, ilusio izoztuak, betirako desagertzetik hurbil.
Angustia, izua.
Babestu eta mantendu ezineko emozioak, afektuak. Han irauten duten bakarrak haiek direlako. Gainontzekook, joan etorrikoak gara.Gizakiaren osotasuna zeinen arina den adierazten duten brote psikotikoak. Osasuntsua ez den erretzeko erritualaren hasiera, haiek oso ongi adierazi diguten moduan: “Zer du ba bizitza honek ona niretzat?”
Aurre egiteko zailak diren zero azpitiko tenperaturak, egiteko bakarra eta nagusia itxoitea denean. Eguzkiak ere ez du berotzen, ixildutako ahotsak, ikusezinak bihurtu diren gizakiak, kolpean deusezturiko etorkizunak, plazokako gizatasuna, elkartasun ez jarraia, hildako bizitzak, bizirik dauden hildakoak, bukaerara iristen ez diren arnas estuak, angustiak barrenak betetzen dizkietelako; hasperen itoak, moztuak, oin hutsak, edozein arriskuetara jarriak. Irrifarra eta desesperazioa ia une berean.
Giza eskubideen urraketa basati honen gainetik, haiekiko erabateko ERRESPETUA, eta MIRESMENA. Hasi berri den urteak, guzti hau sortu eta mantentzen duten erantzuleei, ekar diezaiela behar den adorea, sarraski gogaikarri honekin bukatzeko.
Hala bedi.
ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK.