Kezka bati erantzunez sortu zen, aurreko urtean, Urdiainen, Urdiaingo Gurasoen Euskara Batzordea. Izan ere, Urdiaingo haurren artean gaztelania gero eta gehiago erabiltzen da. Gaia aztertzeko, Urdiaingo Udalak Iñaki Eizmendiren aholkularitza zerbitzua kontratatu zuen, gurasoak bilerara deitu zituzten eta aholkularitza zerbitzuaren Ebete egitasmoarekin Urdiainen euskararen erabilera areagotzeko kanpaina antolatzeari ekin zioten.
Eusliek kanpainaren balorazioa
Horrela, herriko txikienen artean euskararen erabilera sustatzeko Eusliek edo guraso eusleen kanpaina antolatu zen 2016ko garagarrilean, gurasoen jarreran eragin eta haiek seme-alabendako eredu bihur zitezen. 21 gurasok, astero txandakatuz, txapa bat zuten euskararen eusleak zirela adierazten zuena. Haiekin euskaraz hitz egiteko gonbidapena zen hura. Asteazkenean Urdiaingo Gurasoen Euskara Batzordea bildu zen. Lehenik, Eusleak kanpainaren balorazioa egin zen. Eusleak izan ziren gurasoei balorazio orri bat pasa zitzaien eta haiek erantzundakoaren arabera, kanpaina orokorrean positiboa eta baliagarria izan zela ondorioztatu zen.
Euskararen erabilera sustatzeko txangoak
Ondoren, txikienengan euskararen erabilera sustatzeko zein bidetik jarraitu erabaki zuten bileran bildu zirenak. Hainbat aukera aztertu ondoren, txikienekin txangoak antolatzeko ideiaren alde egin zuten. Jakina, euskaraz. Txango hauek euskara erabiltzeko guneak bezala planteatuko dira, euskararen arnasgune moduan. Txangoa 6 eta 12 urte arteko neska-mutikoei begira antolatuko da. Txangoaren helburua, argi eta garbi, euskaraz egitea da, eta, horregatik, izena emango duten gurasoek euskaldunak beharko dute izan, eta euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartu beharko dute. Bide batez, herriko txokoak ezagutzeko aitzakia polita izango da txangoa; herria ezagutu, bisitatuko diren txokoetako azalpen eta bitxikeriak entzun, jolastu eta arratsalde polita pasa, euskaraz. Urdiaingo euskaldia ere erreferentea izango da.
Lehenengo txangoa martxoan antolatzea erabaki zen. Aldaketarik ezean, martxoaren 25ean izango da. Hurrengo egunotan ekimena antolatzeko bilduko da, atzera ere, Urdiaingo Gurasoen Euskara Batzordea.
Mank eta Mintzakide
Bestalde, asteazkeneko bileran, Sakanako Mankomunitateko euskara teknikari Izaskun Razkinek Mankomunitateko Euskara Zerbitzutik eskaintzen dituzten zerbitzuen berri eman zien gurasoei eta Sakanako Mintzakideak egitasmoko arduradun Edurne Ruizek Urdiainen Mintzakide taldea dagoela gogoratzeaz gain –asteazkenetan, 19:0e0tan, liburutegian– txangoen egitasmoak aurrera jarraitzen badu Gurasolagun Mintzakide taldea sortu ahal dela ere aipatu zien guraso urdiaindarrei.