SGA zehaztutako turismo oinarriak garatzen hasiko da aurten

Guaixe 2017ko ots. 17a, 08:59

Herenegun egindako aurkezpena.

Sakanako xendak, oinezko eta txirrindulariendako Donejakue bidea eta trail estazioa dira aurten itxura hartzen hasiko diren proiektuak. Horiek jasoak daude Sakanako turismo planean eta marketing planean.

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) apirilaz geroztik turismo teknikaria du. Aurretik turismo arloan lana egin bazen ere, Paki Urbitarte teknikariaren kontratazioak lan hori azkartu egin zuen. Bere eta SGAren joan den urteko lana Sakanako Plan Estrategikoan turismo arloan zehaztutako puntuak lantzea izan zen. Etxeko lana, hainbat eragilerekin makina bat bilera eskatu zituena. Oinarriak jarrita, aurreikusitakoa egiteko baliabideak bilatu behar ditu aurten. 2016ko memoria sektoreak ukitutako 20 bat eragileren aurrean aurkeztu zuen SGAk herenegun. Nafarroako Gobernuko turismo teknikari Patxi Saenzek egindako lana “ondo” baloratu zuen eta “babesa” ematen saiatuko direla gaineratu zuen.

Sakanako turismo eta marketing planak
Horiek egiteko agentziak turismo sektoreari galdetegia luzatu zion. “Sektorearen aldetik galdetegia erantzutea zaila izan da. Banan-banan telefonoz deika aritu nintzen galdetegiak bildu ahal izateko” aitortu du Urbitartek. Bestetik, SGAk Sakanako turismo baliabideen inbentarioa egin zuen. Bi horiekin lortutako datuak zituztela deialdia egin eta enpresa Bizi biziki enpresari turismo eta marketing plana egiteko eman zioten. Haiek egiteko, turismo sektoreko eragileekin parte-hartze bilerak egin ziren.

Datu horietatik abiatuta diagnosia egiten hasi ziren. Egileak aitortu zuenez “lantzea kostatu zaigu”. Diagnosian baliabideen inbentarioa osatu eta baliabide bakoitza irizpide batzuen arabera aztertu dute. “Baliabide asko daude. Batzuk turistikoak izan daitezke, beste batzuk ez”. Turismo informazio bulegorik ez izatean bisitarien inguruko datuekin arazoak izan dituzte. Egungo produktuen analisiarekin osatu zuten diagnosia, produktu bakoitza zein segmentutan eta zein egoeratan dagoen jakiteko. Ildo nagusiak SGAri eta udalei aurkeztu zieten. Bertako balioetan oinarritutako turismo plana osatu da.

Hiru lan ardatz nagusi atera ziren: merkatu eta produktua estrategia lantzea, kokatzeko; hori garatzeko marketing plana egitea eta, azkenik, gobernantza estrategia. Hiru ardatzetan ekintzak zehaztu dira, aurtengo direnak zehatzago azalduta. Egileak esan zuenez, “baliabideak baditugu, baina horietan eragin gabe aurrera egitea nahiko zaila da egitura indartu gabe”. Bi planak, aurki, www.sakanagaratzen.com web orrian izanen dira.



Donejakue bidea

Sakanako bidearen boluntario taldeak SGA lanean hasi aurretik azterketa egina zuen eta Urbitartek esker ona azaldu zien. Informazioaz aparte “bidearen trazaketa bat zuten buruan”. Mirua enpresak Donejakue bidearen aurreproiektua egin du. Eta Sakanako mugikortasun sarea osatu dute. Aizkorbetik Ziordia bitarteko 45 km-ko ibilbidea da. Oinezkoendako eta bizikletendako bidea izanen da eta %99an bat egiten dute, Egiarretako puntu jakin batean izan ezik.

Baina herri guztietatik pasatzen ez denez, besteetan garraio-bide edo turismo-baliabideen ondotik pasatzen ez zenez haietara joateko bederatzi lotura aurreikusi dituzte, Donejakue bidearen inguruan beste 45 km gehiagoko sarea osatuz. Lotura horiek honakoak dira: Itxasperritik Errotzera, Itxasperritik Irurtzun eta Arakilgo herrietara, Arakil hegoaldetik, Aralarko monasteriora igoera, Uharte Arakilgo tren geltokia eta Arruazu, Arbizutik Ergoienako herrietara, Etxarriko tren geltokia eta kanpina, Altsasutik San Pedro zelaira, Olatzagutikoa.  

“Sakanan orain arte mendialdea bulkatu da. Ditugun natur eremuak ikusita normala da, baina ibarrak historia balioa du eta aukera ematen du zikloturismoarendako” gogorarazi du Mikel Albisuk aurreproiektuaren egileak. Ibarreko Donejakue bidea zehazterakoan kontuan izan dute erromesak ez direla mendizaleak eta bide erosoa behar dutela. Gainera, Ederbideak zehaztutako irizpideak bere egin dituzte, besteak beste: bideak ez du %6ko baino gehiagoko maldarik izanen, puntu zehatzetan izan ezik; bi bizikleta gurutzatzeko adina zabalera izan behar du eta bizikleta hibridoendako baliagarria izan behar du.




Sakanako xendak

Ibarrean dauden xendak eta irizpide batzuen arabera, Sakanako xenden plana zehaztu da. Aurreneko fasean aztertu diren ibilbideetako batzuk mapa batean argitaratuko dira, haien inguruko informazio laburrarekin batera. Mapan agertuko diren xenda guztiek hasieran informazio panel bat dute, egoki seinaleztatuta daude, seguruak dira eta bideak garbi daude. Gainera, tipologia desberdineko ibilbideen arteko oreka bilatu da.

Honakoak agertuko dira xenden aurreneko mapa horretan: Irurtzungo putreena, Etxeberriko Aixitako gaztelua, Irañetako Urruntzure iturburua eta haritzen ibilbidea, Uharte Arakildik Aralarko monasteriora eta meategiko bidea, Arbizuko borden ibilbidea, Unanutik Beriainera (seinaleztatu gabe), Etxarri Aranazko trikuharrien eta haritzen ibilbidea, Altsasuko Dantzaleku-San Pedro, Olatzagutiko portu zaharra eta Urbasako ibilbideak. Gainontzeko bideak hurrengo faseetan gehituko lirateke.

Daniel Torrentek azaldu zuenez, “babes bereziko bi guneren artean gaude: Aralar eta Urbasa-Andia. Babestutako eremu horietara joateko gonbidapena ibarraren ondotik sustatu nahi da”. Gainera, turismo jasangarriari lotutako xendak sustatu nahi dira: “garraio publikoa dugu ibarrean, trenez edo autobusez edozein tokitatik, ibilgailurik gabe, etor daitezke”.



Trail-estazioa

“Jakinik Sakanan mendi lasterketa kontzentrazio handia dago. Proba horiek ibarra posizionatzeaz aparte, bisitari erakartzen dituzte” azaldu du Urbitartek. Sakanan trail-estazio bat jartzea aztertzen ari dira. Urbitartek azaldu zuenez, Nafarroan ez dago trail-estaziorik, Gipuzkoan bi daude: Abaltzisketan eta Zegaman. “Aralar mendian tartean dela, Sakanan halako estazio bat sortzea litzateke gure asmoa, Euskal Herriko trail-estazioen sarean sartuta, elkarrekin sustapena egitea”. Sakana hirugarren sarrera litzateke.

Trail-estazioak korrika egiteko ibilbideak dituen toki bat da. Hainbat km-tan ezin du beste halako estaziorik egon. Halako estazioak munduan barna daude eta korrikalariak batetik bestera mugitzen dira. Bai Gipuzkoako Foru Aldundiak baita trail estazioak homolgatzen dituen erakundeak baiezkoa eman diote egitasmoari. Orain ibilbideen diseinua egin beharko da. “Hemengo korrikalariek Gipuzkoako zirkuituekin nola lotu aztertu beharko dute”. Bi aste barru mendi lasterketen antolatzaileekin biltzekoak dira.


Sakanako hariztiak
Ibarreko natur-ondare horri balioa ematea aztertu dute. Albaolarekin batera Oihanetik itsasora ibilbidea sortu zen. “Pasaiako ontziolan Sakanari buruzko gunean badago, baina hara doazen bisitariak Sakanara nola ekarri?” Altsasuko Dantzaleku-Usolarrainen 2014an egokitutako Sakana, haritzen lurraldea xenda gakoa da. Proiektua landu dute hariztian mintegia eta ipiñabarra sortzea aurreikusten duena, besteak beste. “Gure basoetatik baleontziak eraikitzeko materiala sortzen zela erakusteko”.

Enneco, haritzaren memoria
SGA koordinazio batzordean dago eta parkerako finantzazio aukerak aztertzen lagundu dio. Bestalde, De Amicita erakundearen bidez boluntarioak parkean lanean egon dira. Aldi berean, energia aholkularitza eman zaie. Bestalde, Enneco Bidelagun elkarteko kide egin da.


Eskualdeen arteko elkarlana
SGAk ibarraren inguruko eskualdeekin elkarlana landu zuen. “Aralar tartean dugula kontuan izanda, Plazaola turismo partzuergoarekin orientazio turismo-produktu baten inguruan aritu gara. Elkarrekin orientazio mapa bat argitaratzea da asmoa”. Lizarraldeko turismo kontsorzioarekin mendi bizikletendako espazioa osatzen ari da. Urbasa-Andia tartean dela, hura Sakanaraino luzatzeko zein aukera legokeen aztertu zuten. Bernoako galtzadaren kontura Goierrirekin elkarrekin ekintzaren bat antolatzeko aukera mahai gainean jarri zuten, Goierri eta Sakana elkartzeko.

Turismo informazioa
Gaur egun ez dago turismo bulegorik. Marketing planaren atal bat turismo informazioari dagokiona da. Sakanan dauden aukerak aztertu dira zer nolako turismo bulego jarri daitekeen; informazio puntua izan behar duen edo turismo enpresen bitartez informatzaileen figura sortu. Aldi berean, komunikazio eta datu bilketa protokoloa zehaztu da. “Informazio puntu horietan, edo turismo bulegoa irekiko balitz, datu bilketa nola eginen genukeen. Informazioa eman bai, baina estatistika datuak lortzea ere bai. Bisitariek zer eskatzen duten jakiteko”, zehaztu zuen Urbitartek.

Seinaleztapena
Sakanan dauden kultur eta natura interesguneak izan daitezkeen turismo baliabideak, “orokorrean ez daude seinaleztatuta. Soilik herrietako zerbitzuak daude”. Udalekin kontrastatu da eta departamentuari jakinarazi zaio egoera txarrean dauden seinaleak konpondu behar direla.

Eragileekin bilerak
Agentziako kideak turismoa arloko hainbat eragilerekin bilerak izan zituzten. Albaolarekin elkarlana nolakoa izan daitekeen aztertu zuten. Sakanako Donejakue bolondres taldeko kideekin ere elkartu ziren. Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkartekoekin. Agorrilean Aralarren orientazio proba antolatu zuen Club Deportivo Navarrarekin harremanetan izan ziren. Expo-Boda Sakanako antolatzaileekin elkarlana nola sustatu zitekeen jorratu zuten. Ibarreko mendi lasterketen antolatzaileekin ere izan ziren.

Bestetik, Irurtzun-Arakilgo azokan antolakuntzan segitu zuen SGAk. “Sakanako azoka eredua izan daitekeela uste dugu”, azaldu zuen teknikariak. Halakoetan erabili ahal izateko karpak erosi zituzten, Sakanako turismo logoa dutenak. Horrekin batera bertako ekoizleak identifikatzen laguntzeko arbelak prestatu dituzte. Horietan agentziako turismo eta elikadura teknikariak elkarlanean ari dira.

Udalak
Ibarreko udal guztiekin elkartzeko asmoa du Urbitartek. Bi falta zaizkio. Bilera horietan hainbat puntu landu dira. Guztiei ere Sakana marka bulkatzeko ekintzak proposatzen zaizkie udalei. Bide batez, Sakana turismo marka ezagutarazi diete. Bestetik, Bidelagun elkartea ezagutzera ematea. Herri bakoitzean euren ondareari, zeri ematen dioten garrantzia galdetu zuten, horri balioa emateko. Ondorioz, elkarlanerako prestutasuna azaldu du hainbat ekimenetarako: Irurtzunen turismo web gunea sortzeko, Uharte Arakilgo Itsesia gunea, Unanuko inauteriei balioa eman (identitatea galdu gabe eta masifikatu gabe) eta Etxarri Aranazko ondare eta baliabide gida.

Lehiakortasuna
Hori hobetzeko prestakuntza sustatu zuen agentziak. Alde batetik, turismo-produktuak sortzeko ikastaroa antolatu zuen eta, bestetik, Zamartzek hartu zuen turismo-jasangarriari buruzko jardunaldia izan zen. Bestalde, salmenta kanalen bilaketari ekin zion agentziak eta Aditamento sustapen enpresarekin eta Turnavarra maiorista altsasuarrarekin hizketatu ziren.



Bidelagun elkartea

Sakanako alojamendu, jatetxe eta turismo jarduera enpresek osatzen dute elkartea. Atzoko bilera baliatu zuten euren joan den urteko jardueraren errepaso azkarra egiteko. Sakanaren berri Madrilgo Fitur eta Bilboko Expovacaciones azoketan eta Irurtzun-Arakilgo azokan edota Uharte Arakilgo Artzain Egunean eman zutela zabaldu zuten. Horrekin batera, ibarreko sektoreko profesionalek Sakanan bertan dauden natur-baliabideen berri izan dezaten ikastaroa antolatu zuten. Bestetik, argazkilaritza ikastaroa antolatu zuten SGArekin batera, ibarreko argazki funtsa osatzeko.

SGAk elkarteari laguntza teknikoa ematen dio. Hainbat gaietan bitartekaritza lana egin du agentziak. Esaterako, ibarreko mendi lasterketen antolatzaileen eta Bidelagun elkartearen lankidetza hitzarmenak lagundu zituen. Edota, Turismo Departamentuaren diru-laguntzetarako dokumentazioa prestatzen lagundu zuen. Gaztigatu zutenez, 2016an elkartera kide berriak batu ziren. Horregatik, Sakanako turismo arloko eragileei kide egiteko gonbidapena luzatu zieten.