“Beste biktimendako” errekonozimendua eta erreparazioa

Guaixe 2017ko ots. 20a, 14:46

Eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen arrazoi politikoko ekintzen biktima izan direnei omenaldia egin zien Nafarroako Parlamentuak larunbatean.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuarekin eta udalekin lankidetzan, eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen arrazoi politikoko ekintzen biktima izan direnak gogoan ekitaldia egin zuen. Haietako hiruren senideek hartu zuten hitza: Eneko Etxeberriak (Jose Miguel Etxeberria, Naparraren anaia), Fermin Rodriguezek (German Rodriguezen anaia) eta Idoia Zabaltzak (Mikel Zabaltzaren arreba). Azaldu zutenez, “orain dela ez asko, pentsaezina zela era honetako ekitaldi batek elkartuko gintuenik. Egun gogoangarria da, Nafarroako erakunde gorenenek ekitaldi honetan esaten dutelako Estatuko agenteen edo eskuin muturreko taldeen biktimak daudela”.

Azaldu zutenez, “urte luzez bizi izan dugu haien heriotza isiltasunean, erabateko bazterkeria sozialera eta instituzionalera kondenatuta. Zauriak itxi eta etorkizunera begiratu nahi dugu. Ez dugu nahi beste inork guk bizi izan duguna bizitzerik. Eta, horretarako, ez dago egia eta justizia beste biderik, eta zeregin horri heltzeko, luzatuta dituzue gure eskuak”. Azkenik, adierazi zuten “benetan eskerrak eman" nahi dituztela ekitaldiagatik. "Orain, errekonozimendurik garrantzitsuena espero dugu: egia”. Haiek adierazitakoarekin bat egin zuten, besteak beste, Lakuntzako Mikel Arregi Marinen, Etxarri Aranazko Josu Zabala Salegiren eta Olatzagutiko Angel Gurmindo Lizarragaren senideak.

Erakunde-adierazpena
Nafarroako Gobernuak, Parlamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak onartutako erakunde-adierazpenean “elkartasuna” adierazi nahi diote eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko biktimei, “eta indarkeria gaitzetsi nahi dugu. Begirunea erakusten diegu indarkeriaren ondorioak sufritu dituzten biktimei, eta ekitaldi instituzional honek, hein batean behintzat, konponezina dela badakigun galera hori erreparatzen lagunduko duen itxaropena dugu".

Horrekin batera, "berretsi egiten dugu biktima guztiek egia ezagutzeko, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidearekiko konpromisoa, eta baieztatzen dugu pertsona guztien giza eskubideak defendatu eta indarkeriaren ondorioak humanizatzeari eta adiskidetze-giroari bulkada bat emateko nahia dugula". Despeditzeko, zera esaten du adierazpenak: “barkamena eskatzen diegu biktimei, Nafarroako erakundeen izenean, baztertuta eta arretarik eman gabe izan ditugulako horrenbeste urte”.

Sakandarren presentzia
Besteak beste Lakuntzako, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Ziordiko alkateak izan ziren ekitaldian. Hura zabaltzeko Etxarri Aranazko abesbatzak Jose Luis Ansorenaren Agurra abestu eta Etorkizuna dantza-taldeko Elai Gomezek eta Xabier Bengoetxeak aurreskua dantzatu zuten. Ekitaldian abesbatzak beste lau pieza kantatu zituen: Kitolis (Aranburu), Dos olas (Alejandro Yague), A Pablo Sarasate (Sarasate eta Kike Ugarteren moldaketak) eta Bogoroditse Dievo (Sergei Rachmaninov). Castillo Suarezek Hemen gaude olerkia irakurri zuen. Eta Jose Ramon Anda artistak ekitaldirako emandako Leihoa eskulturaren aurrean lore-eskaintza egin zen.