Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren final-laurdena Lakuntzan

Guaixe 2017ko ots. 24a, 14:57
Igandeko bertso saioko protagonistak.

Igandean, 17:30ean, kultur etxean jokatuko da. Bi bertsolari sakandar lehiatuko dira.

Iruñeko Anaitasuna kiroldegian despedituko den errima lehiaketa, 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketa, martxan da. Bi final-erdi jokatu ondoren Julio Sotok eta Xabier Terrerosek final-erditarako txartela eskuratu dute. Zuzeneko hirugarren txartela etzi banatuko da Lakuntzan. Eta hura eskuratzeko hautagaiak sei dira: Aimar Karrika, Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi, Egoitz Gorosterrazu, Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza. Ainhoa Aranburu izanen da aurkezlea.

Seikoteak honako lana egin beharko du: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian eta kartzelako lana (banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian”.

Estreinakoa
Txapelketan parte hartzen duen hirugarren sakandarrak aurreneko aldia du Nafarroako lehian. Saats Karasatorrek  abenduan jokatutako kanporaketa irabazi eta gero, martxoaren 4an, laugarren final-laurdenean ariko da bertsotan, Iruritan. Finalaurrekoetako hiru saioetarako 18 bertsolari sailkatuko dira. Saio bakoitzeko onena eta puntuazio onena duten bost bertsolariak sailkatuko dira finalerako. Gainera, finaleko lehen bost sailkatuak lau urtean behin jokatzen den eta aurten udazkenean den Bertsolari Txapelketa Nagusian ariko dira.

Bestalde, lehiaketak behar bezala aurre egiteko jende gehiagoren beharra dago eta horien artean bi sakandar daude: Joseba Beltza, epailea izanen dena, eta Maider Ansa, gai-jartzaileen taldean dagoena.  

Sarrerak
Bertsozale elkarteko kideak eta 16 urtetik beherakoak 4 euro pagatu beharko dituzte. Helduek, berriz, 10. www.bertsosarrerak.eus web orriaren bidez ere eskuratu daitezke. Lakuntzako Ogiberri Apurren igande goizera arte eta igandean, 16:00etatik aurrera, kultur etxeko leihatilan.