Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2017

Puntu erdiko aldeagatik galdu du Lazkozek zuzeneko txartela

Guaixe 2017ko ots. 27a, 12:10

Etxarri Aranazko bertsolaria bigarren izan zen Lakuntzako final-laurdenekoan. Oier Lakuntza bosgarren sailkatu zen.

Lakuntzako kultur etxea bete egin zuten 200 bertsozalek atzo. 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren final-laurdena Luis Fuentes eskolako ikasleen agurrarekin hasi zen. Ondoren, Ainhoa Aranburuk gai-jartzaileak sei bertsolariak lanean jarri zituen.

Lanak despedituta Aimar Karrika nagusitu zen Lakuntzako final-laurdenean eta, horrenbestez, martxoaren 26an Agoitzen jokatuko den hirugarren finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu zuen. Txartel hori puntu erdigatik ihes egin zion Eneko Lazkozi. Hala ere, hiru final laurden jokatu ondoren, bai Karrika bai Lazkoz behin-behineko sailkapeneko buruan daude. Oier Lakuntza bosgarren sailkatu zen atzokoan. Etxarriko eta Urdiaingo bertsolariak final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Guztira, 30 bertsolarietatik 18k eginen dute aurrera.

Bi
Jokatzeko falta diren final-laurdenak dira horiek eta biak asteburuan jokatuko dira. Beraz, igande iluntzean aurrera egin duten txapelketan aurrera egin duten 18 bertsolariak zein diren jakinen da. Eta aukera dago Sakanako hiruak izateko. Izan ere, txapelketan azkena sartzen den sakandarra Saats Karasatorre da. Etxarriarrak estreinakoa du lehiaketan eta Oskar Estanga, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien, Josu Sanjurjo eta Ekaitz Astizekin ariko da bertsotan. Iruritako Gizarte Bilgunean izanen da, larunbatean, 17:30ean. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke.

Lakuntzako sailkapena
Aimar Karrika 344,5
Eneko Lazkoz 344
Iker Gorosterrazu 300
Joanes Illarregi 299,5
Oier Lakuntza 288
Egoitz Gorosterrazu 263,5

 

Behin behineko sailkapena
1. Aimar Karrika Iribarren 344.50
2. Eneko Lazkoz Martinez 344.00
3. Julio Soto Ezkurdia 343.50
4. Xabier Terreros Gartzia 321.50
5. Iñigo Olaetxea Alzugarai 307.50
6. Iker Gorosterrazu Elizagoien 300.00
7. Joanes Illarregi Marzol 299.50
8. Saioa Alkaiza Guallar 296.50
9. Kotte Plaza Etxenike 290.50
10. Patxi Castillo Graziarena 288.50
11. Oier Lakuntza Irigoien 288.00
12. Mikel Lasarte Zia 284.00
13. Alazne Untxalo Erregerena 280.00
14. Iban Garro Alzuri 273.00
15. Egoitz Gorosterrazu Elizagoien 263.50
16. Ioar Tainta Noble 262.00
17. Sahats Aleman Sadaba 251.50
18. Joana Ziganda Olano 248.00