Heriotza, bizitza eta Etxarri Aranazko Izarra beilatokia

kolaboratzaileak

Ez, ez naiz inpartziala, Etxarriko Izarra  beilatokiaren aurka idatzi duten pertsonen iritziak inpartzialak ez diren moduan.

Orain hilabete batzuk, Etxarriko Izarra beilatokiko lanak hasi berriak zirenean eta gaia objetibotasunez ulertzen nuelarik, proiektu honen aurka zeuden pertsona talde batek prestatutako paper bat sinatzera gonbidatu ninduten. Ezetz erantzun nien. Erabat ezetz.

Jaso dudan heriotzaren zentzu ezkor eta beldurgarriari aldaketa sakon bat ematea nire buruari eta bizitza berari zor diodan eskaintza eta hausnarketa da. Erraza ez den heriotzarekiko hurbiltasuna eta onarpena.
Nere sinesmen eta sentimenduak kontutan izanik, heriotza horixe da: gertakari bat. Edo hobe esanda, pauso sakratu bat. Merezi duen hurbiltasun eta gizatasun guztiarekin ohoratu nahi dudan pauso sakratu bat.

“Beilatokia zure etxearen azpian eraikiko balute modu berdinean pentsatuko zenuke?”- galdetu izan zidaten hainbatetan. - “Bai, berdin pentsatuko nuke”- erantzuten nien. “-Nik maite ditudan pertsonen heriotza ohoratzen badut, eta gizatasun baloreak nire barruan badaramatzat, inguruko pertsona guztien heriotza era berean ohoratuko dut; beldurrik gabe, tristurarik gabe, eta sakoneko errespetuz.”

Ez da nire asmoa inori ezer erakustea; nireak eta hainbeste pertsonenak diren sentimenduak  adieraztea baizik.

Berriz esango dut: heriotzak ez digu tristura edo beldurra adierazten, sakoneko errespetua baizik.
Zuen iritzia kontutan hartu ezkero, beilatokiak herriaren erdigunetik kanpo beharko luke; ez litzateke etxebizitzen azpian egon behar. Gauza da , pertsona guztiek ez dutela horrela pentsatzen. Jende askoren iritziz, herriaren zerbitzu guztiak (dendak, Ikastetxeak, kiroldegiak…  eta baita beilatokiak ere) herriaren erdigunean egon beharko lirateke).

Pertsonalki, heriotzean  ematen den arimaren igarotze unea gure bizitzako pasadizo  garrantzitsuenetako bat izan daitekeenez, eraikuntza berezi bat beharko lukeela deritzot. Horrelako esperientzia sakon bati behar duen moduan erantzuna emango diona. Gaur egungo gizarte honetan horrelako eraikuntzak edukitzea utopikoa da. Bitarte horretan, Etxarriko Izarra beilatokia daukagu. Gure herrian bertan, erabat egokitua eta atsegina. Gainera, betebehar legal guztiak betetzen dituena: bai Izarra beilatokiari dagokionez, nola Udaletxeari dagokionez ere. Hortaz, Izarra beilatokia lasaitasun osoz eta inongo beldur edo mehatxupean egon gabe erabiltzeko eskubide osoan gaude. Etxarriko beste zerbitzu bat izateko jaio baita.

Bestalde, kokapenak eta sentimenduak kontutan izanik, nire herriko elizan pentsatzen ari naiz. Galdetzen dut hainbeste maite dudan elizak, beilatokiaren moduan,  herriko heldu naiz umeak tristura eta beldurrez betetzen ote dituen, honek ere jasotzen baitu doluaren parte.
Jarraian, komunikabide ezberdinetan argitaratu dituzten idatziei logikaz eta ongi ulertuaren  asmoz erantzuna ematea nahiko nuke.

Idatzi horiek sinatu dituzten pertsonen arabera, Cabodevilla psikologoaren iritziak, Izarraren kolaboratzailea izateagatik,  ez dauka inongo baliorik. Nire iritzia ere, nolabait partaide naizen ezkero, zuen  ikuspegitik baliogabea izango denez, galdetzen dut: beilatokiaren aurkako taldeko partaide batek idatzitako usteak ba al dauka baliorik?

Adierazi duzue, beste iritzi batzuen artean, Cabodevilla psikologoak heriotzaren negozio edo salerosketan lan egiten duela. Berriz galdetzen dizuet: eta beste giza talde batzuk, ni barne, zein negoziotan gabiltza lanean? Irakaskuntzaren negozioan?  Edo beharbada gizarteko arazoek dakarzkigun negozioetan?

Nire lanari aparteko lukuru edo etekinak ateratzea ez da nire asmo eta beharren barnean sartzen; Josu Cabodevillaren bizitza eredugarrian sartzen ez den bezala. Bere curriculumak adierazten duen moduan, Izarra beilatokiko kolaboratzailea baino askoz ere gehiago da Josu. Bestalde, azpimarratu behar litzateke, profesional handi honen laguntza estaltzea ez dela inoiz Izarraren asmoa izan.

Badira azken honetan Etxarrin eta inguruko herrietan izan diren heriotzei buruz aipatu nahiko nukeen zerbait. Familiek bere hildakoak eskubide osoz eraman dituzte beste tanatorio batzuetara . Ez dut zalantzan jartzen horrela nahi izan dutelako hartu dutela beraien erabakia, eta errespetuz onartzen dut. Baina, posibilitateak posibilitate, kasu bat baino gehiagotan erabaki horren zergatia herrian zabaldutako beldurra eta asmo txarrez eragindako mehatxuak direla ez ebidenziatzea zaila egiten zait.

Eskerrak eman nahi dizkiet beilatokiaren irekiera naturaltasun osoz onartu duten guztiei. Eta baita beilatokiaren aurkako sinadurak sinatu eta hausnarketa egin ondoren damututa sentitu direnei ere.

Kontziente naiz pertsona batzuen sentimenduak mindu izan ditudala, nik ere horrela sentitzen ditut nireak. Badakit agian ez naizela  eskutitz hau idazteko pertsona aproposena, baina nire iritzia herritar askoren  isla denez, azaldu ditudan gaiak adierazteko beharrean sentitu naiz.