Xabier, erromesaldien helmuga

Guaixe 2017ko mar. 3a, 14:44

Iritsi dira kristau nafarrek parte hartzen duten erromesaldi handiak: xabierraldiak. Elkarrekin oinez leloa aukeratu du Iruñeko eta Tuterako artzapezpikutzak 76. Xabierraldirako. Francisco Perez Gonzalez gotzainak erromesei zuzendutako gutunean adierazi duenez, “Xabierko Frantziskok, maitasunez misioari bere bizitza eskaintzen jakin zuena eta bere lagunen ondoan oinez ibili zena, aurrez aurre Irribarrearen Kristoari begiratzen erakuts gaitzala. Horrela, elkarrekin oinez segitzeko indarra opatuko dugu”.

Aurreneko Xabierraldia igandean izanen da. Zangozatik Xabierrerako gurutze-bidea 8:00etan abiatuko da. Hura despedituta, gaztelu pareko zabalgunean meza izanen da, 10:00etan. Hainbat sakandarrek parte hartuko dute. Ibilgailutan joanen dira asko, bezperan abiatuta, oinez besteak. Bigarren Xabierraldia heldu den larunbatean izanen da, hilaren 11n. Egun horretan gurutze bidea Zangozatik 15:00etan abiatuko da eta Xabierko elizkizuna 17:00etan hasiko da.

Grazia bederatziurrena bihartik hilaren 12ra arte ospatzen da eta horren barruan kokatzen dira Xabierraldiak. Baina bi erromesaldi nagusiez aparte, Nafarroako hainbat eskualdeetako erromesaldiak egiten dira Xabierko Frantziskoren sainduaren gaztelura. Mendialdeakoa asteazkenean izanen da eta egun horretan meza elebiduna izanen da.