LOMCEren kontrako greba deialdia

Guaixe 2017ko mar. 8a, 10:30

Eskola Publikoaren aldeko Estatu Plataformak hezkuntza arloko greba orokorra deitu du biharko. Mobilizazio horrekin Rajoyren gobernuari hezkuntza legea aldatzeko eskatuko diote. Deitzaileek salatu dutenez Espainiako Parlamentuan sortutako azpi-batzordearen helburuak aldatu direla eta hezkuntza-lege berria egin beharrean 2020 urterako estrategia dokumentua eginen duela, “agian lege berri baterako balioko duena, edo ez”.

Hezkuntza arloan “gauzak dauden eran ezin dutela segitu” iritzita, deitu dute greba orokorra. Plataformako kideen eskarien artean daude, besteak beste: LOMCE bertan behera uztea, murrizketen lehengoratzea, hezkuntzarako aurrekontua handitzea, aukera berdintasuna bermatuko duen beka sistema berreskuratzea, unibertsitate kontraerreformak eta Lanbide Heziketako ordaindu gabeko praktikak bertan behera uztea, langileria berreskuratzea, irakasleen lan baldintzak duintzea, hezkuntzaren pribatizatzea gelditzea edota ikasgelako ikasle ratioak jaistea. Deitzaileen artean UGT eta CCOO sindikatuak, Herrikoa guraso elkartea eta Eraldatu ikasle elkartea daude, besteak beste. Euskal gehiengo sindikalak hilaren 22rako deitu du greba.

Biharko deialdiak
12:00etan Hezkuntza Departamentuaren parean kontzentrazioa.
18:00etan Hezkuntza Departamentutik abiatuta manifestazioa.