Sakandarrak Nafarroako selekzioan

Guaixe 2017ko mar. 8a, 13:18

Uxue Mendinueta, Elai Gomez, Irati Igoa eta Alberto Ongay lehiatuko dira Nafarroako selekzioarekin asteburu honetan hasiko den GRAVNI txapelketan

Asteburu honetan abiatuko da afizionatuen mailan pilota torneo handienetako bat dena: GRAVNI torneoa. Bertan Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioak lehiatuko dira, erreminta eta pilotako makina bat modalitatetan, trinketean, 30 metroko frontoian eta 36 metroko frontoian.

Nafarroako Pilota Federazioak GRAVNIan Nafarroako selekzioa ordezkatuko duten pilotariak eta palistak aurkeztu zituen asteartean Labrit pilotalekuan egindako ekitaldian. Bertan izan ziren, besteak beste, Nafarroako presidente Uxue Barkos, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez, Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari Ruben Goñi eta Nafarroako Pilota Federazioko presidente Migel Pozueta. Emakume pilotarien presentzia geroz eta handiagoa dela nabarmendu zuen Pozuetak eta “oraindik handiagoa izan dadila” opa zuen Pozuetak.

Nafarroa da GRAVNI torneoko egungo txapelduna eta aurtengo txapelketa irabazteko faborito nagusia. Nafarroako selekzioak, pilotari eta teknikarien artean, 170 kirolari baino gehiago biltzen ditu. Tartean daude hainbat sakandar. Emakumezkoen Paleta Goman Nafarroa ordezkatuko dutenen artean hiru sakandar daude, Uxue Mendinueta Jaka (Gure Pilota), Elai Gomez Maiz (Gure Pilota) eta Irati Igoa Sesma (Gure Pilota). Eta 36 metroko frontoian Nafarroa ordezkatuko duten senior mailako pilotarien artean Alberto Ongay Tere (Irurtzun) satrustegiarra dago.

Gipuzkoaren kontra
Asteburu honetan Nafarroako selekzioak Gipuzkoaren kontra jokatuko du, Gipuzkoan.