Denboraldia primeran hasi du afizionatuen mailako Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak. Espainiako Koparako baliagarria den Aiztondo Klasikoa jokatu zen igandean eta primerako lana egin zuten Alberto Mazkiaranen mutilek. Hasieratik oso azkar ibili ziren txirrindulariak. 3 txirrindularik ihes egin zuten, baina 60. kilometroan tropeletik aurrera egin dute 17 txirrindularik, tropeleko garrantzitsuenek. Horrela, ihesean zeudenak harrapatu eta erritmo altua ezarri dute. Sarasolaren igoeran Rural Kutxako Gonzalo Serrano eta Lizarteko Jesus Soto eta Sergio Samitier geratu dira buruan, baina jaitsieran Samitierrek erorikoa izan zuen. Horrela, Serrano eta Soto iritsi ziren helmugara. Sprint oso estuan, Rural Kutxakoa gailendu zen (3:37:32).
Rural Kutxako gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Jaume Sureda hirugarrena sailkatu zen, Oscar Pelegrini bosgarrena, Alvaro Cuadros 20.a, Iker Azkarate 33.a eta Mauricio Moreira 35.a. Probako talde onena Rural Kutxa izan zen.
Espainiako Koparako baliagarriak diren Don Benitoko eta Aiztondo Klasikoko bi probak irabazita, Rural Kutxako Gonzalo Serrano madrildarra da Espainiako Kopako liderra.
Moreira bigarrena Ereñon
Larunbatean Ereñoko Udala Sari Nagusia jokatu zen, Lehendakari Torneoko lehendabiziko proba puntuagarria. Lizarte taldeko Urko Berradek erakustaldia eman zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:52:48). Bigarrena Rural Kutxako Mauricio Moreira sailkatu zen (2:54:00). Talde bereko Carlos Cobos 15.a izan zen, Javier Fuentes 22.a, Odei Juango 36.a, Eneko Aramendia 40.a eta Alejandro Caro 48.a. Taldekako sailkapenean Rural Kutxa bigarrena izan zen, Lizarteren atzetik.