Izurdiagarako intxaurrondoak

Zuhaitz eguneko parte-hartzaileetako batzuk. Argazkia: Nerea Mazkiaran.

Eguraldia lagun, arakildarrak udalak antolatutako Zuhaitz Egunean parte hartzera animatu ziren. Izurdiagako futbol zelaiaren inguruan elkartu ziren haurrek eurendako tailerretan, besteak beste, hainbat harri margotu zituzten. 18 intxaurrondo landatu zituzten eta koloreztatutako harriak haien inguruan jarri zituzten. Lanak despedituta, otamen ederraz gozatzeko aukera izan zuten elkartutako guztiek.

Arakilgo Udalaren Kultura Zerbitzuak, Arakil Kulturak, iganderako mendi irteera antolatu du Iratxo mendi taldearekin batera. 8:30ean Irurtzungo elkartearen egoitzatik abiatuko dira. Honako ibilbidea osatuko dute: Itxasperri, Hiriberri, Satrustegi, Izurdiaga eta Irurtzun.

Sagardotegira
Arakil Kulturak, Pikuxarrekin batera, sagardotegirako irteera antolatu du hilaren 18rako. Joan nahi duenak Arakilgo udaletxean eman beharko du izena, heldu den asteartea baino lehen.