Etxarrik irabazi eta Lagun Arteak berdindu

Guaixe 2017ko mar. 13a, 14:32

Preferente maila. 22. jardunaldia: Etxarri Aranatz 3 – Lezkairu 2 / Lagun Artea 1 – San Andres 1

Asteburuan preferente mailako 22. jardunaldia jokatu zen. Etxarri Aranatzek Lezkairu taldea hartu zuen San Donato zelaian eta euria eta haizea etengabekoak izan ziren partida oso lehiatuan 3 puntuak etxean geratu ziren.

Lezkairukoak lehenago sartu ziren partidan eta 15. minutuan markagailuan aurreratu egin ziren, penaltiz. Handik bi minutu batzutara bigarren gola sartu zuten Lezkairukoek. Hortik aurrera presionatzera pasa ziren Etxarrikoak eta margakailuan gerturatu ziren, Garatek sartutako golari esker (1 eta 2). Bigarren zatian baloiaren eta jokoaren jabetza bereganatu zuten etxarriarrek. Lezkairukoak, gainera, jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren. Etxarri behin eta berriz saiatu zen Perkazek bina berdindu artea. Eta partida bukatzear zela, 89. minutuan Alainek garaipenaren gola sartu zuen.

Javi Martinez Lakuntzan
Lakuntzan, bestalde, puntu banaketarekin despeditu zen Lagun Artearen eta Aiegiko San Andres taldearen arteko lehia. Euriak eta haizeak eragin handia izan zuten jokoan. Lehen zatian Lagun Arteak gola sartzeko makina bat aukera argi izan zituen, baina langa zela edo punteria falta zela, baloia ez zen sartzen. Lagun Arteak dominatzen zuen, baina San Andresekoek gora egin zuten eta jokaldi politak sortzen hasi ziren. Laguni gol bat baliogabetu zioten, jokoz kanpokoa omen, baina atsedenaldia baino lehen Ruizek Lagun aurreratzea lortu zuen. Bigarren zatian San Andresek defentsa hobeto zuen. Eta partida bukaera aldera eta jokaldi tonto eta nahasi batean, Lagunen ate barruraino sartu zen baloi bat; ate propioan sartu zuten gola lakuntzarrek. Eta, horrela, hiru puntuak eskutan izan ondoren puntu bakarrarekin despeditu zuten partida lakuntzarrek, ezin sinetsi.

Kuriositate moduan, aipatzekoa da Bayern Münich-eko jokalari Javi Martinez partida ikusten izan zela, bera Aiegikoa izanik, bere herritarren partida ikustera hurbildu baitzen. Zortea eman zien herritarrei.

Preferente mailako lider jarraitzen du Bidezarrak (52 puntu). Etxarri laugarrena da (35 puntu) eta Lagun Artea bosgarrena (33 puntu). Asteburuan, 33 punturekin sailkapenean seigarrena den Mutilbera hartuko du Etxarrik, sailkapeneko arerio zuzena, eta 22 punturekin sailkapenean 12.a den Lezkairuren kontra arituko da Lagun Artea.