Asteburuan Espainiako Pista Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu da Tafallan. Tartean, txirrindulari sakandarrak lehiatu dira. Nafarroako selekzioarekin Josu Etxeberria iturmendiarra, Hodei Zia altsasuarra eta Bakarne Gonzalez altsasuarra lehiatu dira. Joana Irastorza etxarriarra, aldiz, CAF Turnkey Engineering taldearekin. Bestalde, Burunda klubean dabilen Mateo Gonzalez Gaztela eta Leongo selekzioarekin aritu zen. Guztiek lan oso txukuna egin zuten. Tartean, Iosu Etxeberria podiumera igo zen, jubenilen puntuazio proban hirugarrena sailkatu baitzen.
Espainiako Pista Txapelketako sailkapen orokorrari dagokionez, Galapagar eta Tafallako jardunaldiak jokatuta, emakumezkoen junior mailako abiadura sailkapenean Bakarne Gonzalez bosgarrena da eta gizonezkoen junior mailako fondisten sailkapenean Josu Etxeberria bederatzigarrena. Koparako baliagarria den hurrengo proba Mallorcako Palman jokatuko da, asteburuan.
Etxeberria laugarrena Azpeitian
Igandean 36. San Jose Saria jokatu zuten juniorrek Azpeitian. El Porex-Iturribero taldeko Oier Lazkano izan zen txapelduna (2:09:43), helmugara bakarrik helduta. Hiru minutu pasara sartu zen taldetxo bat. Bertan zegoen Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberria, helmugan laugarrena sartu zena, juniorren lehen urteko lehena. Quesos Albenizko Iñigo Fernandez 10.a sartu zen. Bere taldekide Ailetz Lasa 21.a izan zen eta Juan Riaño 22.a. Taldeka Quesos Albeniz hirugarrena sailkatu zen.
Kadeteak: Igor Arrieta bigarrena Kexaan
Larunbatean Araban aritu ziren kadete mailakoak, Aiarako Birako hirugarren etapan, Kexaan hasi eta Murgan despeditu zena. Efrain Guti taldeko Pablo Gutierrez gailendu zen, eta 17 segundora sartu zen Aralar-Intersport Irabiako Igor Arrieta. Igor Arrieta kadeteen lehen urteko lehena izan zen. Bere taldekide Urko Gorriti eta Aitor Alberdi 16.a eta 17.a izan ziren, Quesos Albenizeko Iker Mintegi 19.a, talde bereko Unai Aznar 25.a eta Intersporteko Inhar Astitz 27.a.
Probako talde onena izan zen Intersport Irabia Lakuntzako taldea.